Sara Uribe-Etxeberriarentzat 8. Donostia Kultura Poesia Saria

Zortzigarren aldiz, idazle gazteen poesia saritzeko sariketa egin dute Donostia Kulturak eta Balea Zuria argitalatxeak elkarlanean. Aurtengoa, Sara Uribe-Etxeberria zumaiarrarentzat izan da, Kuntzak eta kerak lanarengatik.
Titulua iradokitzailea da oso, eta Uribe-Etxeberriak argitu duenez, bere pisukide sakandarrari lapurtutako hitzak dira: zerbaiten itxura adierazteko erabiltzen diren adierak dira.
Uribe-Etxeberriaren lehenengo poema liburua da honakoa. 19 urte besterik ez dituen arren, “idazketan heldutasuna” nabarmendu dute sariketaren arduradunek. Gainera, lehenago bestelako sariketak irabazitakoa da Uribe-Etxeberria. Berak onartu duenez, “liburu gisa pentsatzea eta lan egitea gogorragoa” izan da, baina prozesuarekin pozik eta harro dagoela onartu du. “EMakume gazte baten begietatik” idazteko saiakera egin du, “bizi dugun momentu delikatuan inoiz baino beharrezkoagoa” delakoan.
Poesia soziala eta lirikoa uztartzen ditu, hizkuntza “poetikoa eta zientifikoa uztartuz”. Erreferentzia gertukoak eta jasoak erabili dituela onartu du Aritz Gorrotxategi editoreak. Bestetik, gogoratu du sariketak iraun duen zortzi urteotan, irabazle guztiek jarraitu dutela bestelako argitalpenekin, eta bertan landatzen den haziak ematen dituela fruituak.
Datozen asteotan edizio lanak amaitu eta maiatzaren amaieran izango da liburua eskuragarri, Poesia eta Pentsamendua jardunaldietan.