Trenarekin batera etorritako itxuraldaketa
Nortekoa edo Atotxakoa. Izenak izen, tren geltokia eraikitzeak inguruaren eta hiriaren eraldaketa bultzatu zuen. XIX. mendearen bigarren erditik hona, ordea, aldatzen joan direna azpiegitura bera da.

Norteko geltokiaren lanak amaitzen dituztenerako, jatorrizkotik ezer gutxi geratuko da. Irun eta Madril lotuko zituen burdinbidearen asmoa bi hamarkada lehenagokoa bazen ere, 1864an iritsi zen lehen trena Donostiara. Jendeaz gain, salerosgaiak ere garraiatzen zituen, eta horrek hiria eraldatu zuen. Besteak beste, Egiako industrializazioa hauspotu zuen —Tabakalera, kasu, 1886an hasi ziren eraikitzen—; eta turismoa ere. Isabel II.aren udako egonaldiek udatiarrak erakarri zituzten, –bitxikeria gisa, hemen hartu zuen erbesterako trena–; eta azken karlistaldiaren ondoren (1872-1876), Madrilgo gortearen eta Europako aristokrazia eta burgesiaren udako oporleku bilakatu zen.
Horren eraginez, Alexandre Casimir Letourneur ingeniari frantsesak diseinatutako geltoki xumea 1880an zabaldu eta edertu zuen haren herrikide Albert Bierez ingeniariak. Ikur bilakatuko zen nasa nagusiaren gaineko markesina Parisko Eiffel et Cie lantegiari eskatu zion, baina, ziur aski, ez zuen Gustave Eiffelek berak egin.
Berdina, baina ez bera
1905ean, multzoa osatuko zuen azken elementua altxatu zuten: Atotxako atea. Asmoa Frantzia pasealekutik Egiako auzora joateko gainbide bat egitea zen, Atotxako zezen plazara eta belodromora zihoazenei bidea errazteko. Urte hartako urtarrilaren 20an, Parisko Alexandre III-ren antza duen Maria Kristina zubia inauguratu zuten. Haren amaieran zeuden komunak ez ziren ikuspegi «dotorea», horregatik, agintariek estiloarekin bat egingo zuen ate bat eraikitzeko eskatu zieten Marcelo Sarasola ingeniariari eta Jose Goikoa arkitektoari.
Harlanduz eta hormigoiz egindako bost arkudun portikoa askok Brandenburgoko Atea gisa ezagutzen dute, egiaz, Berlingoarekin antzekotasun gutxi izan arren, baten bat badu. Urtebete geroago, erloju bat jarri zioten. Diotenez, haren inguruan «C de H» (Camino de Hierro) eta «Del Norte» irakur zitekeen. Hura ere aldatzen joan da, baina denboraren erreferentzia beti mantendu dute, atea egon den heinean, noski; nahiz eta zenbait boladetan geldi egon.
1980ko hamarkadan, jatorrizko atea desegin eta harearriz estalitako hormigoiz berreraiki zuten. 2013an, autobus geltokiko lanek ere desagerrarazi zuten, eta tren geltokikoek, metro batzuk aurreratu. Gainbidea, berriz, betirako desagertu da. 1995etik babes maila gorena zuen geltokiak, hiriaren irudi eta memoria historikoaren osagai oinarrizko eta ordezkaezina izanik. 2010ean, murriztu egin zuten eta, jada, beste zerbait bilakatu da.