Zuloak eta zuloak

Beti zuloaren beldur, eta zuloa irteera zen. Zuloa metafora gisa erabili dute Anarik eta Merina Grisek, baina metaforak burgesak direla esan zuen Imanolek Harkaitz Canoren arkatzean, eta lurra zulatzeak ez dakar onik ezer, ia inoiz. Are gehiago zuloa egiteak badakar zuloa gure poltsikotan. %162ko gainkostua barne. Eta batzuk euskara sustatzeko diru laguntzak eskatzeko larri! Harrapazank Txiribiton!
Metroaren zuloak, eta hiri txiki honetako obra handiek erakutsiko dute etorkizunean gauza bat: gaurko aseak biharko goseak direla, dirua ezin delako jan. Bitartean, Kostas udalaren kontra dagoela esango du alkateak. Nahiago hori udala kostaren kontra egotea baino, ezta? Negazionismo berri eta light honen ordez, kasik hobeto negazionismo klasiko eta hiperbentilatua.
Badakizue asmakizun hori, ezta? Zer da gero eta gehiago kendu, gero eta handiagoa dena? Horixe, bada: Donostiako metroa eta klima larrialdia.