Auzo seguruak aldarrikatu dituzte, baina baita ere «justuak, solidarioak eta duinak pertsona guztientzat»
Ehunka lagun bildu dira 28. Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako martxan. Trintxerpetik Donostiara egin dute ibilbidea gaur goizean.

1960ko martxoaren 21ean, Hegoafrikako Poliziak 69 lagun hil zituen apartheidaren kontrako manifestazio baketsu batean. Ordutik, egun hori Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko eguna ospatzen da, aldarrikapenez beteta. SOS Arrazakeriak urtero gai ezberdin bat lantzeko aprobetxatzen du Trintxerpetik Donostiara martxa eginez. Aurten, auzoetako segurtasuna jarri dute erdigunean, eta segurtasunaren ideiaren atzean dauden diskurtso arrazistak izan dituzte kontuan.
Salatu dutenez, delinkuentzia txikiak “gure frustrazioen eta segurtasun ezaren edalontzia betetzen du, eta hori konpon dezaketela uste dutenen egoerak bultzatzen ditu, baita kaputxa eta burdinazko barra eskuan hartuta ere”, Trintxerpen izandako erasoak gogora ekarriz: “Ez dugu gorrota nagusitzen den auzorik nahi, non pertsona batzuen jatorriagatik kolektibo osoak kriminalizatzen diren”.
Manifestazio bukaeran gogora ekarri dute Donostiako Udaltzaingoak hainbat migratzailek lo egiten duten denda eta txabolak desalojatu berri dituztela. “Imajina al daiteke politika iraingarriagorik, ezer ez duenari bere ondasun gutxiak kentzea baino?”. Haien iritziz, “hemen ere segurtasun ezaren adibide argia daukagu. Poliziak sortzen duena halako ekintzekin gazte batzuengan”.
Auzo seguruak aldarrikatu dituzte, “baina batia ere justuak, solidarioak eta duinak pertsona guztientzat”. Horretarako, aldarrikatu dute “segurtasuna ezin dela arrazakeriarako aitzakia izan, ezta zailtasun gehien dituztenei bidegabeki seinalatzeko ere. Konponbidea ez da gorroto gehiago, baizik eta eskubide gehiago”. Erakunde publikoei haien ardurak har ditzaten exijitu dute, “benetako irtenbideak bermatu ditzatela, inork ez dezala kalean lo egin behar izan, ezta goserik pasa ere”.
Amaitzeko, Manteon izandako desalojoak salatzeko, prentsaurrekoa antolatu dute datorren ostegunean, martxoaren 27an, 11:00etan udaletxeko atarian.