Alemanian irauli beharko dute kanporaketa
Bera Berak galdu egin du Europako Ligako final-laurdenetako joanekoa etxean, HSG Blomberg-Lippe alemaniarren kontra (25-28).

Europako Ligako Lauko Finala urrunago dago orain Bera Bera eskubaloi taldearentzat. Pentsa, Alemaniara joan beharko dute horren bila. Atzo jokatu zuten joanekoa, Gaska kiroldegian, eta zaleen berotasunarekin garaipena gertu izan arren, galdu egin zuten (25-28). Hiru goleko galera erabakigarria izan daitekeen arren, ez da ezinezkoa. Horrela, kanporaketa Alemanian irauli beharko dute donostiarrek. Balentria eginez gero, historia egingo luke Bera Berak, lehen aldiz lortuko lukeelako. Horrela bedi.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko neskek iazkoa errepikatu zuten. Liga irabazi ondoren, kopan huts egin zuten. Puigcerdan (Herrialde Katalanak) jokaturiko azken fasean, Jacaren kontra neurtu zituzten indarrak finalerdietan. Berdinduta bukatu zuten arauzko denbora (3-3), markagailuan aurretik joan ondoren. Luzapenean, ordea, Aragoiko taldeak sartu zuen gol erabakigarria. Beste finalerdian, Puigcerdak Majadahonda ligako txapeldunordea kanporatu zuen, eta finalean, Jacari irabazi zioten. Txuri Urdineko mutilek, berriz, kopako final-laurdenetako lehen partida galdu zuten etxean, Huarte nafarren kontra (0-2). Apirilaren 5ean jokatuko dute bigarren neurketa, Majadahondaren aurka.
Belar hockeyan, gehiegizko astindua jaso zuen Realak Zubietan, Poloren aurka (0-4). Etenalditik sasoiko itzuli ostean, txuri-urdinek ez zuten horrelako porrot bat espero. Horrela ere, sailkapenean erdialdean jarraitzen dute. Datorren ostiralean ez dute ligako partidarik izango, kopa dutelako zain. Final-laurdenetan Atletic Terrassaren kontra ariko dira.
Futbolean, Realeko neskek burua altxatu ezinda jarraitzen dute. Txuri-urdinek amore eman zuten Atletico Madrilen kontra, Zubietan (0-2). Galtzea baino okerragoa izan zen Amaiur Sarriegi aurrelariaren lesioa. Egia esan, taldearen joko mailak izan duen gainbeherak bat egin du hainbat jokalari garrantzitsuk min hartu izanarekin. Taldea sailkapeneko seigarren tokira jaitsi da, eta atzetik datozen taldeak hurbilago daude orain, eta Txapeldunen Liga zortzi puntura.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek garaipen garrantzitsua lortu zuen Illunben Zamoraren aurka (86-78). Sailkapeneko hamaikagarren postuan daude, gora begira jartzeko aukera askorik gabe, baina beheko postuen mamua zertxobait urrunduta.
EMAITZAK
Eskubaloia
Europako Liga, final-laurdenetako joanekoa
- Bera Bera 25 – HSG Blomberg Lippe 28
Izotz hockeya
Emakumezkoen Espainiako Kopa, finalerdiak
- Txuri Urdin 3 – Jaca 4
Gizonezkoen Espainiako Kopa, final-laurdenak
- Txuri Urdin 0 – Huarte 2
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 14. jardunaldia
- Reala 0 – Polo 4
Futbola
Emakumezkoen liga, 23. jardunaldia
- Reala 0 – Atletico Madril 2
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, 26. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket 86 – Zamora 78