Desegin egingo da Ehun mugimendua
Desagertu aurretik, azken ekintza bat egingo du independentziaren aldeko mugimenduak: 101 udaletan Euskal Errepublikaren aldeko mozioak erregistratu dituzte.

Donostian sortu zen independentziaren aldeko Ehun mugimenduak bere burua desegingo duela jakinarazi du. Independentzia “aldebakartasunez” jorratu beharra zegoela aldarrikatu zuten hasieratik, “egitura politiko nagusien kontrako norabidean”, haien hitzetan.
Aldebakarreko bidea alderdien kontrakoa izan arren, “jendartearen zentzu komunarekin bat egin” duela aldarrikatu dute: “Denek baitakite, baita independentista ez direnek ere, Espainiak eta Frantziak ez digutela sekula autodeterminazio eskubiderik onartuko. Ezinezko bidea da aldebikotasun hutsarena gehiengoaren begietara”. Horregatik, uste dute, urte hauetan, haien ekintzen bidez “beste bide bat posible dela” ikustaraztea lortu dutela, “aldebikotasuna baztertu gabe aldebakartasunari lehentasuna ematen diona hain zuzen ere”.
Hainbat izan dira azken urteotan egindako ekintzak Donostian: SAPA arma fabriken kontrakoa, etxebizitza eskubidearen aldekoa, Loiolako militarrek alde egitearen aldekoa, eta abar. Edonola ere, onartu dutenez, “baliabide falta” nabarmendu dute: “Gure ekimenak aurrera ateratzeko baliabide humano eta ekonomiko nahikorik ez dugu izan”.
Itzali aurretik, baina, Euskal Herri osoko 101 herritan independentzia mozioak erregistratu ditu Ehun mugimenduak: “Ehunek aukera eman nahi die herri horietako pertsona eta alderdiei Euskal Errepublikaren aldeko prozesuan urratsak egiteko”.