'Alde Zaharrean' bideoklipa aurkeztu dute, «tokiko merkataritza suspertzeko asmotan»

Zaharrean merkataritza elkarteak Alde Zaharrean izeneko bideoklipa aurkeztu du gaur Aquariumeko auditorioan, “bizikidetza hobe baten alde eta merkataritzaren gainbehera geratu eta suspertzeko asmotan”. Aitziber Garmendia eta Ramon Agirre aktoreek hartu dute parte bideoklipean, baina artista gehiago ere aritu dira elkarlanean: Andoni Egañak jarri dizkio hitzak kantuari eta Xabier Zabalak egin du musika. Dave Gorospe, Ruben Caballero, Ritxi Salaberria, Joseba Tapia eta Piter Ansorena musikariak ere badira abestiaren parte, eta baita Klara Mendizabal, Orixe Ikastolako koroko haurrak eta gizonezkoen koroa ere.
Zaharrean elkarteko kideek aurkezpenean azaldu dutenez, “arazo bat” sumatzen zuten une oro, Parte Zaharrarekiko diskurtsoak “konnotazio negatiboak” zeuzkalako eta beraien ustez, hori ez datorrelako bat bizi duten errealitate osoarekin.
“Herri, auzo, eta gune askotan ematen dira konpondu beharreko arazoak, eta erabaki politikoen ondorioz, birbideratu beharreko kontuak. Baina hortik haratago, Alde Zaharra askoz gehiago da. Hortik ere badu, baina hori baino askoz gehiago da, eta hori ikusarazi nahi izan dugu”, azaldu dute elkarteko kideek.
Nabarmendu dutenez, Parte Zaharrak egun ere, auzo bizitza bermatzen du, eskolak eta bestelako aisialdi jarduerek ume zein gazteak bertan errotzen dituzte, eta bizilagun, merkatari eta eragile askok sostengatzen dute Parte Zaharra. “Bizitza asko duen gune bat da, eta guk hori aldarrikatu nahi dugu”, adierazi dute.
Esentzia mantentzeko asmoz
Merkatariek, ahal duten heinean, gainontzekoen deialdietan parte hartzen dutela azaldu dute, establezimenduetako erakusleihoak jantziz, jarduerak diruz lagunduz eta jaiak babestuz, besteak beste. “Kolektiboan bizi garela esan daiteke, heldu zein gazte, merkatari zein bizilagun, bertan bizi edo lan egiten dugunok auzo bizi bat nahi dugu, eta uste dugu hori islatzea lortu duela Andoni Egañak kantuan ere. Ez dugu historia ahazten, are gehiago, eutsi egin nahi diogu. Oraindik ere esentzia hori galdu gabe, hemen gara eta hemen egoten jarraitu nahi dugu”, nabarmendu dute.
Merkataritzari dagokionez, beste auzoetan topatzen ez diren denda bereziak dituztela defendatu dute, “beti egon izan diren gisan”, eta horri eutsi nahi diotela. Beraz, abesti hau “ospakizun abesti” izatea nahi dute, “auzotik auzoarentzat” egina.
Hona hemen Alde Zaharrean abestiaren bideoklipa: