Bascolombia, Iñaki Salvador eta Arima Soul arituko dira Txillida Lekun Jazzaldian

Uztailaren 22tik 27ra egingo dute Donostiako 60. Jazzaldia, eta, ohiko legez, programazio berezia eskainiko dute Txillida Leku gunean. Zehazki, sei kontzertu eskainiko dituzte Eduardo Txillida artistaren inguruko museoko zelaietan, uztailaren 19an hasita.
Uztailaren 19an (19:30), Bascolombiak joko du, Oreka TX euskal taldea eta Phonoclorica kolonbiar taldea batzetik eratutakoa. Hurrengo egunean, aldiz, Iñaki Salvador eta Marco Mezquida pianistek Dichosos tributos kontzertua eskainiko dute (19:30).
Ondoren, geldialdia egingo dute Txillida Lekuko kontzertuetan, uztailaren 25era arte. Hain zuzen ere, Txillida Lekuko kontzertuen eskaintza osatzeko, Txikijazz programazioaren barruan, bi kontzertu antolatu dituzte, haurrentzat: uztailaren 25ean Claire Martin abeslari britainiarra arituko da (12:30) eta, 26an, Arima Soul taldea (12:30).
Bestalde, lehen aldiz, bi kontzertu eskainiko dituzte Txillida Lekuko Zabalaga baserrian: uztailaren 26an (19:30), Lew Tabackin flautista eta saxofoi tenorearen laukotea arituko da eta, 27an, Jordina Milla & Barry Guy pianista eta kontrabaxua arituko dira (19:30).
Galarreta pilotalekuan aparkaleku bat prestatuko dute ibilgailu pribatuentzat, eta doako autobus bat ere jarriko dute Galarretatik museora, uztailaren 19, 20, 25 eta 26ko kontzertuetarako (26an, goizez soilik). Uztailaren 26 eta 27an 19:30ean izango diren kontzertuetara bertaratzen direnek zuzenean aparkatu ahal izango dute museoko aparkalekuan.