Greba mugagabeari ekin diote Miramongo EITBren egoitzako makillatzaile eta ile apaintzaileek

EITBk Miramonen duen egoitzako makillatzaileek eta ile apaintzaileek greba mugagabeari ekin diote gaur, martxoak 25, “subrogazio eskubidearen eta lan baldintzen duinen alde”, ELAk azaldu duenez. Sindikatuaren arabera, “erabateko jarraipena” izan du grebak.
Langileen egoeraren berri eman du ELAk: “Datorren apirilaren 14tik aurrera, enpresa berri batek eskainiko du zerbitzua, eta hilabete eskas falta denean, EITBk pleguetan subrogazio betebeharra txertatu ez zuela argudiatuz, enpresa berriak ez du langileak mantentzeko borondaterik azaldu, eta ondorioz, berauen lanpostuak kolokan daude”.
Era berean, “harrigarritzat” jo dute “EITB zerbitzua esleitzeko prozesua martxan jarri izana subrogatzeko beharra aipatu gabe”: “Alde batetik, egoera berean dauden eta lan zentro berean aritzen diren beste azpikontrata batzuekiko eskubide hau bermatzeko prest agertu delako. Bestetik, langile hauei aplikatzen zaien EAE mailako akordio markoak subrogazio eskubidea espresuki jasotzen duelako”.
Sindikatuak salatu dutenez, egun, “ez dago ziurtatuta langileek enpresa berriari zerbitzua ematen jarraituko dutenik” Egoera horrek bere horretan jarraitzen duen bitartean, greba mugagabearekin jarraituko dutela ohartarazi dute.