Lau pertsona atxilotu dituzte, Donostian adingabe bat arma zuriz hiltzen saiatu izana leporatuta
Atxilotuetako bi adinez nagusiak dira eta beste bi adingabeak dira.

Hilaren 13an, adingabe batek arma zuri batekin egindako erasoa jasan zuen Egian, epaitegietatik gertu. Erasoaren ustezko egileak izatea leporatuta, hiru gizon eta emakume bat atxilotu ditu Ertzaintzak, Gipuzkoako hainbat udalerritan. Horietako bi, gizonetako bat eta emakumea, adin txikikoak dira.
Guztiei erailketa leporatu diete, saiakuntza graduan. Adinez nagusi diren biak, Donostiako Guardiako Epaitegitik pasatu ostean, espetxean sartu dituzte, eta bi adingabeak, berriz, Adingabeen Fiskaltzaren eskuetan jarri dituzte.
Zauriak besoan eta bizkarrean
Ertzaintzak gogorarazi duenez, hilaren 13ko 16:00etan gertatu zen erasoa, eta besoan eta bizkarrean zituen zaurien ondorioz, Donostiako Unibertsitate Ospitalera eraman behar izan zuten. EFE albiste agentziak erasoaren biktima ezagutzen duen pertsona baten lekukotza jaso zuen orduan, eta, informazio horren arabera, gazteak Presentacion de Maria ikastetxetik ateratzen ari zenean jasan zuen erasoa. Era berean, albiste agentziaren informazioaren arabera, erasotzaileak ez ziren eskola horrelako ikasleak.