Neurriak ez dira nahikoak
Donostiako ospitaleko langileek elkarretaratzeak egiten jarraituko dute, "irtenbide justu bat lortu arte".

Astelehenean ireki zuten Donostia Ospitaleko behin-behineko aparkalekua, baina ez du aparkatzeko arazoa konponduko. Atzo, berriz, bosgarrenez elkarretaratu ziren ospitaleko langileak eta SATSE, LAB, ELA, CCOO, SAE, UGT eta TECNOS sindikatuetako ordezkariak, Arantzazu eraikinaren aurrean. Aparkaleku eta garraio publiko faltaren aurrean, mobilizazioek egiten jarraituko dute “irtenbide justu bat lortu arte”.
Martxoaren 12an bilera egin zuten ospitaleko zuzendaritzarekin, eta ezarriko dituzten hiru neurrien inguruko azalpenak eman zizkieten. Lehenik, Illunben langileentzako aparkalekua prest dagoela jakinarazi zieten. Handik ospitalera igotzeko autobus zerbitzu bat jarriko dute. “Aipatutako autobus zerbitzua Illunben izandako luiziaren ondorioz jarri zuten, eta beraz, horri irtenbidea ematen diotenean bukatu egingo da zerbitzua”, adierazi dute. Bigarrenik, ireki berri duten behin-behineko aparkalekuaz aritu ziren: “Arratsaldez lan egiten duten langileek aukera izango lukete bertan aparkatzeko txartelarekin, beti ere lekua egonez gero”. Hirugarrenik, ospitaleko sarrera nagusian bizikletentzat jarritako aparkalekua hilabete bukaeran irekiko dutela esan zieten.
“Ospitaleko langileen eta sindikatuen artean egindako presioaren ondorioz, zuzendaritza behartuta sentitu da neurri batzuk hartzera. Baina neurri hauek, ez dira nahikoa eta ez dute balio etorkizuneko arazoari irtenbidea emateko ere”, salatu dute.
Doako aparkalekuak
Ospitaleko aparkaleku guztiak “doakoak” izatea exijitu dute, “bai langileentzat eta baita pazienteentzat ere”. Eskaera hori baztertu egin du zuzendaritzak, “borondate falta nabarmena agerian utziz”.
Garraio publikoari dagokionez, Dbus eta Lurraldebus lineak indartzeko Donostiako Udalarekin eta Gipuzkoako Aldundiarekin harremanetan jarri dira sindikatuak eta langileak. Ordea, ez dute hobekuntzarik lortu. “Gure eskaera garbia da: garraio publikoa indartzea eta lurraldeko herri guztietatik irisgarritasuna bermatuta izatea. Neurri honekin batera, Osakidetzako autobusak herri gehiagotara zabaltzea eskatzen dugu, baina neurri honi ere ezezkoa eman diote”, azaldu dute.
Azkenik, “oso garrantzitsua” iruditzen zaie Osakidetzak mugikortasun plan bat egitea eta martxan jartzea, “oraingo eta etorkizuneko beharrizanei erantzungo diena”.