Donostiako Udalaren «deriba erasokor eta arrazista» salatu dute, Manteoko gazteen kaleratzearen ondotik

Kaleko Afari Solidarioak eta Hiritarron Harrera Sareak deituta, prentsaurrekoa egin dute gaur udaletxeko atarian hainbat eragilek. Udalaren “deriba erasokor eta arrazista” salatu dute, “modu arbitrarioan”, kale egoeran dauden herritarren “eskubide oinarrizkoenak zapaltzen” ari direla salatuz.
Larrituta agertu dira boluntarioak: “Ulertezina egiten zaigu zein gogor tratatzen diren, hain zuzen ere, egoera okerragoan daudenak”. Erakundeei dei egin diete beharrezko ardurak hartzeko: “Instituzioak ez badira gai gazte horientzat guztientzat beharrezkoak diren baliabideak emateko, zergatik suntsitu gazteok eta boluntarioek elkarrekin egiten dugun lana?”.
Era berean, Alderdi Popularreko Borja Corominas kritikatu dute, “gorrotoa sustatzen duten beste hedabide batzuekin batera, kanpaina bat egiten ari dira magrebtarren kolektiboa segurtasunik ezarekin eta delinkuentziarekin zuzenean erlazionatzeko, eta gazte horien aurkako indarkeria adierazpenak eta ekintzak sustatzen ari dira”.
Azaldu dutenez, guztiak gaztelania ikasteko ikastaroetara joaten dira, baita ikastaro profesionaletara, eta Manteon eraiki zituzten txabolak ahalik eta modu “normalizatuenean eta duinenean” bizitzeko. Asentamendu “baketsu, diskretu eta herritarren bistatik baztertuak” direla aldarrikatu dute, eta Udaltzaingoak “normalki eta aldizka” kontrolatzen zituenak.
Polizia interbentzio honen kontrako “erabateko gaitzespena” adierazi dute boluntarioek, eta udalari eskatu diote boluntarioen lana aintzat har dezan, “irtenbideak bilatzeko elkarrizketari ekinez”.