«Ez genuen komunik, ez urik, ez argindarrik... eta hori ere kendu digute!»
Aljeriatik datoz Mohamed eta Said [izenak asmatuak dira], herri beretik. “Txiki-txikitatik ezagutzen dugu elkar, eskolatik”. Ibilbide ezberdinak egin arren, egun, elkarrekin bizi dira Donostian, kale egoeran. Manteoko etxoletan bizi ziren, joan den astean Poliziak haien ondasunak txikitu zituen arte. Ilun ikusten dute etorkizuna orain.

Zer moduz zaudete?
Mohamen (M.): Ramadaneko azken egunak dira orain, eta tira, ez da erraza izaten ari.
Nolakoa izan zen joan den asteko kaleratzea?
M.: Oso gogorra. 11:00etan etorri ziren, bi ordutan botako gintuztela esanez. Genituen gauza apurrak puskatu zituzten, eta beste leku bat bilatu behar izan genuen gaua pasatzeko.
Said (S.): Ni polizia etxera eraman ninduten identifikatzeko. Eta kanporatze agindu bat ezarri didate. Ez naute oraindik kanporatuko, baina ez dakit noiz arte egongo naizen [hiru urteko epea du kanporaketa aginduak].
Zenbat denbora daramazue Donostian?
M.: Zortzi hilabete. 2022an etorri nintzen Europara. Italiara lehenik, Frantziara gero, Alemaniara ostean, eta azkenik, hona, Donostiara. Osaba batek esan zidan Euskal Herrian jendeak ondo tratatuko gintuela. Baina, orain… Tira, hemen nago.
S.: Bordelen izan nintzen bi urtez, eta Moha hona etorri zenean, gertu zegoenez, bisitatzera etorri nintzen. Ikasteko aukera nuenez, bertan geratu nintzen.
Nola eraiki zenuten Manteoko etxola?
M.: Donostiako leku guztietan egin dut lo dagoeneko. Duela bost hilabete etxola hori eraiki genuen Ulian. Bizilagunekin inolako arazorik ez genuen izan.
S.: Hasieran, hiru lagunek osatu genuen. Gero laugarrena etorri zen, gero bosgarrena… Azkenean hamar lagun bizi ginen han, denak aljeriarrak. Nola utziko genituen, bada, kalean? Guk ezin genituen kalean utzi, badakigu zer den hori.
M.: Gero, Ulian beste leku bat bilatzen saiatu ginen, baina Polizia gure atzetik ibili da. Gaur bertan, hor gaua pasatu duten lagun batzuengana joan da Udaltzaingoa, bertatik joan behar zirela esanez.
Zein da zuen egunerokotasuna?
M.: Goizetan, 9:00etatik 11:00etara Ategorrietan egiten dugu ikastaroa, eta ostean, Tabakalerara, gaztelania ikastera. Ramadana bukatzean, ikastaroa daukat Lanbiden: tabernari izateko.
S.: Arratsaldetan kirola egitea gustatzen zait niri. Muskulazioa, futbola, korrika… Aljerian kirol entrenatzaile izateko ikasi nuen, eta nahiko nuke etorkizunean berrartu.
Kaleko afari solidarioak jasotzen dituzue.
S.: Berebiziko laguntza da guretzat. Haiek ematen digute indarra hemen jarraitzeko. Oso-oso zaila izaten ari da, bestela. Nahikoa da hainbeste kale! Txabola bat ere ezin dugu eduki! Eta hori ez da duina: ez genuen komunik, ez urik, ez argindarrik… eta hori ere kendu digute! Udalak ematen dituen baliabideak ez dira nahikoa. Dutxatzeko tiket bat, aste osorako. Baina 80 tiket dira kalean gauden 400 lagunentzat.
M.: Geure familia dira orain.
Jende askok delinkuentziarekin lotzen du kale egoeran dagoen jendea. Zer iritzi?
S.: Nik ez dut justiziarekin arazo bakar bat ere izan, ez Aljerian, ez Frantzian, ezta Alemanian ere. Arazorik ez Poliziarekin, sekula. Zaborrontzitik hartzen dugu janaria guk, inoiz ere ez lapurtu. Iraungitako janaria da normalean, eta behin baino gehiagotan gaixotu naiz horregatik.
M.: Nik ez dut kalean bizi nahi. Nik lan egin nahi dut. Tabernari gisa, edo dena delakoa. Niri natura gustatzen zait.
S.: Orain, ez du inporta zer lan. Edozertaz egingo dugu lan, aukera izanez gero.