Kaiko bizilagunen bizi baldintzak hobetzeko konpromisoa hartu du udalbatzak
EH Bilduk aurkezturiko mozioa aho batez onartu dute. Udal taldeak espero du Hirigintza Sailak "zorrotz betetzea" adosturikoa.

Kaiko pasealekuko 7. eta 8. atarietan bizi diren familien bizi baldintzak hobetzeko konpromisoa agertu zuen EH Bilduk. Horrela, bizilagun kaltetu horiekin agerraldi bateratua egin zuten udaletxean, eta udal gobernua interpelatu zuten udal batzordeetan. “Erantzunak nahikoak izan ez zirenez, eta konpromiso falta agerikoa izan zenez”, gaia gaurko udalbatzarrera eraman dute kontrol mozio baten bidez.
Bi puntuko eskaera aho batez onartu du udalbatzak. Batetik, udal gobernuari eskatu diote “informazio bilera baterako deia” egin dezala, Parte Zaharreko eta Kaiko plan bereziari buruz orain arte egindako dokumentuari buruzko azalpenak emateko, eta horren kopia bat eman diezaiela udal taldeei, dokumentua aztertu dezaten. Bestetik, udal gobernuari eskatu diote azter dezatela eraikin kaltetuen egoera, eta horrela badagokio, “hartu beharrezko neurriak hartzea, bizilagunen gabezia larriak hobetzeko”.
Udalbatzak harturiko konpromisoa berresteko eskatu diote Hirigintza Sailari: “Orain bai, diligentziaz ekin diezaiola familia hauen egoerari irtenbide bat emateko bideari”. Horrekin batera, EH Bilduk adierazi du Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak datorren asteko Tokiko Gobernu Batzordean onartuko denaren iragarpena gertutik jarraituko dutela. Izan ere, udal gobernuak kaiko bizilagunen egoera hobetzeko erabaki baten berri emango du.