Niña Coyote eta Chico Tornado, minutu pasatxoan
Bikoteak 'Atea' lan berriko lehen singlea estreinatu du: 'Trash'.

Minutu bat eta bost segundoko iraupena du Niña Coyote eta Chico Tornado bikote donostiarraren Trash abesti berriak. Atea lan berriaren aurrerapena da, eta iraupen laburra badu ere, gonbidatu asko ditu: Maika Makovski, Rodrigo Cuevas, Anxela (Bala), Ovidi (Los Zigarros), Monica (LE RA) eta Carlyn eta Robbie (Waxy).
Izenburuak dioen moduan, zaborra du hizpide, eta hainbat hizkuntzetan oihukatzen dute. Ursula Strong eta Koldo Soret bikoteak Adunako Elkar estudioan grabatu du disko berria, eta maiatzean abiatuko dute aurkezpen bira.
Asturiasko Llanes herriko Vidiago Rock Festival jaialdian eskainiko dute lehen zuzenekoa, maiatzaren 2an. Aldiz, bi aldiz ariko dira Donostian. Lehenik, Fermin Muguruzaren Anoetako kontzertuan parte hartuko dute gonbidatu gisa, ekainaren 14an. Bigarrenik, Egiako Dabadaba aretoan izango dira Gailu taldearekin batera, azaroaren 21ean.