Antzerkiaren Nazioarteko Eguna: amestu dezagun

1962tik, urtero, martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta sortzaileren batek manifestua idazten du. Urtero. Antzerkiaz, haren egoeraz, eta beste hamaika aldarrikapen edo begiradaz betetako testu hori munduko antzokietan, emanaldia hasi aurretik, irakurri ohi da. Donostian, esate baterako, Viktoria Eugenia antzokian, euskal talde bati Donostia Antzerki Saria eman, manifestua irakurri eta saritutako antzezlana taularatzen da.
Dagoeneko irakurri diren (64) manifestu gehienak gizonezkoek idatziak dira. Antzerkiak, barrearen bidez, hausnarketaren bidez, edota fantasia eta magia erabiliz… gizartearen funtsezko gaiak ispilu batean ikusiko bagenitu bezala, ikusleei aurrez aurre jartzeko indarra du. Hala baina, genero ikuspegiaren aldetik, ispilu hori zikin samarra dagoela esan beharra dago.
Aurten, greziar antzerkigile, zuzendari eta antzerki irakaslea den Teodoros Terzopoulosek idatzi du manifestua. Eta bere aldarrikapenaren amaieran hauxe esaten du: «Memoria lantzeko eta egungo Erdi Aroko diktadura anitzetik sortu den erantzukizun moral eta politiko berriari aurre egiteko narrazio forma berriak behar ditugu».
Arrazoi osoa du. Beldurraren eta gezurren garaiak datoz. Ez dira garai onak askatasunarentzat. Eta are gutxiago gurearen moduko kulturarentzat, eta jakina, zer esanik ez antzerkiarentzat. Baina antzerkiaren nazioarteko eguna dela eta, zein da benetan euskaraz egiten den euskal antzerkiaren egoera? Zer dugun eta zer behar dugu? Nola lortu euskal antzerkiak duintasuna? Zer du euskal antzerkiak handi? Zer du indartu beharreko? Nahikoa ahalegin egiten al dute erakundeek behar diren ekoizpenak egiteko?
Teodorosek, bere manifestuan galdera mordoa egin ondoren, honako hau dio: «Behin betiko erantzunik ez duten galderak, antzerkia existitzen delako eta irauten duelako, erantzunik gabeko galderei esker».
Galderarik ez, beraz! Euskal antzerkia indartsu dago, bai. Sortzaile mundialak ditugu. Talde berri asko sortu dira. Antzoki duinak ditugu. Jaialdiak. Eta antzerkia ikusteko aukera ere badugu. Sareak emandako —Euskadiko Antzoki Sareak— 2024ko irailetik abendura bitarteko ikuskizunen datuak hauek dira: 182.280 lagunek gozatu dute sareko antzokiek eskainitako ikuskizunez. Batez besteko ikusle kopurua 271 lagunekoa izan da, emanaldi bakoitzeko. Ikusleen %60,2 antzerkian izan dira eta %10,8 dantzan. Euskarazko antzerkiak 29.710 pertsona bildu ditu, eta, horietatik, %39 haurrentzako ikuskizunetara joan da.
Baina goazen euskaraz egiten den euskal antzerkiaz hitz egitera. Euskaraz sortu eta antzezten diren antzezlan gehienak haurrentzako ikuskizunak dira. Helduentzat jatorriz euskaraz —hau da, jatorrizko testua euskaraz idatzia izan dena eta muntaketa lehendabizi euskaraz egin dena— edo euskara hutsean egiten den antzerkiari buruzko datu zehatzik ez dut topatu. Baina, eman dezagun, haur antzerkia kenduta, azken sei hilabete hauetan eta euskal erkidegoan, 18.123 ikusle izan dituela euskal antzerkiak. Horietako antzezlan gehienak, ordea, itzulitako lanak izan dira; jatorriz beste hizkuntza batean idatziak eta euskarara ekarriak. Eta gehienak, gainera, gaztelaniaz zuzendu dira, eta ondoren egin da euskarazko muntaketaren lanketa.
Badakit ez nukeela galderarik egin beharko, baina nola bizirauten dute euskaraz edo bi hizkuntzatan aritzen diren talde eta konpainiak? Hor dago nekearen nekez euskal talde batek 30 urteren ondoren ekoizteari agur esan behar izatea. Edota izen handiko zuzendari eta aktoreen artean, nekea, aurrera egiteko zailtasunak eta horrelakoak entzutea oso normala da. Ez da kexua, errealitatea baizik. Zaila da. Bai, zein nekeza den euskalduna izatea, eta antzerkilaria bazara… zer esanik ez!
Hala ere, Euskal Herrian antzerkiak aurrera egiteko bide berriak topatzearen etengabeko borroka horretan, oso bizirik dirau. Ibilbide profesional luzea dutenez gain, belaunaldi berriak ere gogotsu ari dira sormena landu eta lengoaia berriekin lanean. Dantzertitik eta Euskla Herrian barrena dauden beste hainbat eskola, tailer eta taldeetatik belaunaldi berrien lanak ikusteak sekulako poza ematen du.
Euskal Herrian antzerkiak aurrera egiteko bide berriak topatzearen etengabeko borroka horretan, oso bizirik dirau
Baina euskaraz egiten den euskal antzerkia zeharo baldintzatuta dago: gai dramatikoegiak zailagoak dira programatzeko, beraz, hobe komedia egiten bada; bestetik, euskara hutsean eginez gero, bolo gutxiago aterako dira, beraz, bi hizkuntzatan egitea hobe —beti, euskararen kaltean—, talde eta konpainiek hartu behar dute bere gain muntaketaren arriskua; ekipo tekniko txikia, edozein lekutan sartzeko moduko muntaketa behar da egin eta aktore gutxikoa. Atzo bertan bi aktore handiri entzundakoa:
—Ea zuen antzezlana ikusteko aukerarik dudan.
—Ez, ez duzu ikusiko ze ja
euskaraz ez zaigu bolo
gehiago aterako.
—Zer zarete aktore asko?
—Bai, bost.
—Uf… ja hori aurrera eramaten zaila.
Halaxe da. Zaila. Baina ez dut ezkorra izateko gogorik, horregatik, euskal antzerkia eta euskaraz egiten den euskal antzerkia hauspotzeko hauek dira nire amets batzuk:
Antzerkia hezkuntzan indartzea. Transmisioa bultzatu. Baliabideak handitzea. Programazioa zabaltzea. Jaialdiak sustatzea. Antzerkia ezinbesteko bilakatzea. Euskal antzerkia landuko duen Euskal Zentro Dramatikoa, sorkuntza dramatikoa, artxiboak, eta ikerketa bultzatuko dituena. Antzoki eta erakunde publikoetatik euskarazko ekoizpenak indartzea, baldintzarik eta estuasunik gabe. Aktoreei duintasunez lan egiteko aukerak ematea. Euskaraz behar adina aktorerekin egiteko lanak ikusi ahal izatea. Literatura dramatiko gehiago argitaratzea. Eta… eta abar, eta abar, eta abar… eta gehiago!
* Ez dut izenik esan, inor aipatu gabe utzi ez nezan. Baina esker mila gure herrian antzerkia hain ederra, aberatsa eta bizia egiten duzuen guztioi.