Arrakasta baten (lehen) mende erdiko historia
1975an ateak zabaldu zituen Kimika Fakultateak, Altzan. Txikitik hazten joan da hamarkadaz hamarkada, beste batzuentzat erreferentzia eta ispilu bilakatu arte. Eraldaketa tokian errotuta eta inguruko ekosistemaren parte izanez burutu du. Zein da erabilitako formula? Erantzunaren bila, egindakoaren parte diren hiru belaunalditako kideak batu ditugu iraganaz, orainaz eta erronkez mintzatzeko.

Urteurren borobilak aproposak izan ohi dira nondik norakoak aztertzeko. Egindakoak gainbegiratu, lortutakoak balioetsi, irakaspenak atera… Erdietsitako emaitza elementu arteko alkimian asmatu izanaren erakusgarri da. Kontakizuna ondo egitekotan, ordea, hasierara jo behar.
Oso atzera eginda, lehen aurrekaria Laboratorium Quimicum da, 1776an Bergarako Seminarioak Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen babespean abiatua. XIX. mendean itxi arte izandako lorpen ezagunen artean, Juan Jose eta Fausto Elhuyar anaiek wolframa (W) elementu kimikoa isolatu zuten. Gertuago etorrita, II. Errepublika garaian Zientzien Ikasketa Zentroak Kimika atal bat zuen. 1960ko hamarkadan bi ildotatik jaso zuen bultzada Kimika fakultatea sortzeko asmoak, batetik, Gipuzkoan unibertsitate publikoa ezarri nahi zuen patronatu bat osatu zuten, eta bestetik, Industria Ganbarak petrokimika interes industrialeko lerro izendatu zuen. 1973an, bi nahiek bat egin eta asmoa egikaritu zuten: irailaren 13an Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Zientzia Kimikoen Fakultatearen eratzea, petrokimika espezialitatea zuena.
1975ean, Valladolideko Unibertsitateari atxikia abiatu zuten, hura baitzen garaiko unibertsitate barrutia —1979an Bilboko Unibertsitate Barrutia sortu zen, egun EHU, eta Gipuzkoako unibertsitate ikastegi publikoak hara pasatu ziren—. Martxan jartzeko ardura Gonzalo Martin Guzmani eman zioten, polimeroen zientzia eta teknologiaren arloan ospe handiko kimikaria zena. Bere eraginez, hain zuzen ere, petrokimikak beharrean, polimeroen ikerketak ezaugarritu du fakultatea.
Bestelako baliabideak
Lehen egoitza Altzan izan zuen, San Juan XXIII lanbide eskola izandakoaren eraikinean, eta ikasgela haietan irakasle izan zen Antxon Santamaria (Donostia, 1949) katedradun emeritua, artean, doktoregaia. Ez ziren irakasle asko, ikasleak ere, tamainan; eta eraikinean «nahiko eroso» ibili ziren. Azaldu duenez, «gogo eta ilusioarekin» bete zuten hastapenetako baliabide urritasuna. Ikasle eta irakasleen artean hurbiltasun handia zuten, eta talde sendoa osatu zuten.
Frankismo garaia izanik, testuingurua ez zen aproposena ez zientziarentzat ez kulturarentzat, are gutxiago, euskararentzat. Hala ere, azken horren alde egin zuten. «Kasualitate eta zorte ona izan zen» fakultateko idazkaria Luis Bandres ingeniari pasaitarra izatea —2006tik 2009an hil arte, Irutxuloko Hitzako kolaboratzailea izan zen—. «Oso sartua zegoen euskararen munduan. Lan asko egin zuen euskara pixkanaka sartzen joateko eta Elhuyar taldearen sortzaileetako bat izan zen».
«Altzan gelditu izan bagina, ez ginateke erdia ere izango. 50 urte hauek izan dira arrakasten baten historia»
Antxon Santamaria katedradun emeritua
Hiztegia asmatu, materiala osatu… Jardun horretan ere bazebiltzan aipatu taldea eta Udako Euskal Unibertsitatea euskarri izan zituzten ikasgaiak euskaraz irakatsi ahal izateko. Aktetan jasotzen ere nahiko goiz hasi zirela zehaztu du Santamariak. «Hori ez zen erraza, jendeak ez zuen ulertzen»; dekanoa, berriz, madrildarra bazen ere, ez zegoen euskaraz irakastearen kontra, «nahiko irekia zen. Zientzialaria zen eta beste interes batzuk zituen».
Irakasgaiz irakasgai, barneratzen joan ziren. Egun, gradu osoa ikas daiteke euskaraz, baina ez gazteleraz. «Normala dirudi, baina ez da batere normala izan. Mekanika ematen hasi nintzenean, ez nuen pentsatzen ere irakasgai denak emango zirenik euskaraz. Errotua dago. Izan zitekeen fakultate bat euskara bost axola zaiona, eta ez zen ezer gertatuko, baina hemengoa izanik…».
Norbanakoen pisua
Talde ilusioak eta Martin Guzmanen zientziarako grinak hauspotu zituen lehen urteetan. Halakoetan pertsonek garrantzia izan ohi dutela eta, lehen dekanoaz gain, Pedro Miguel Etxenike ere aipatu du Santamariak. Principe de Asturias, Principe de Viana edota Max Plank —Fisikan Nobel sariaren aurrekaritzat joa— aitortzak jasoko zituen zientzialari nafarra 1984an etorri izana «euskarri» bat izan zen, lehenik, fakultatearentzat, baina baita Donostiako zientziarentzat ere. «Etxenike hemen zegoenez, gauzak hemen egin zituen, Kimika Fakultatea oinarri moduan edukita».
1987an, Ibaetara eraman zuten fakultatea. Ongi hornitutako 12.000 metro koadro baino gehiagoko ikastegira aldaketak «funtsezko» garrantzia izan zuen Santamariaren ustez. «Segur aski, Altzan gelditu izan bagina, ez ginateke erdia ere izango. Ezin daiteke esan. 50 urte hauek izan dira arrakasta baten historia. Arrakastatsua izan da zeharo, eta hori ukaezina da».
Ordutik honakoaz aritzeko, Jon Mattin Matxain (Iruñea, 1975) abenduan izendatutako dekano berria eta Miren Aguirre (Elgoibar, 1987) batu dira solasaldira. Iruindarrak 1993an zeharkatu zuen fakultateko ataria lehenengoz, Kimika euskaraz ikasi nahi zuelako. Hiru etorreratan lehena izan zen hori. Gero, Herbeheretan egindako bi Erasmus urteren ondoren, doktoretza egitera bueltatu zen. Garai horretan, Cambridgen (Ingalaterra) egon zen hilabete batzuez eta doktoretza ondokoa egin zuen Suedian. Azkenekoz itzuli zenean, «ikuspegi profesional» batekin izan zen. Hala, fakultatearen adin bereko bizitzaren hiru une horietan «eboluzio bat» atzeman zuen, bereziki, nazioartekotzerantz.
Aguirre, berriz, 2005an heldu zen «eta orain arte». Kimika ikasle zela, Eramus bekarekin Suedian egon zen eta horrek doktoretza egiteko aukera eman zion. «Ez nekien, baina Suediako nire tutoreak hemengo irakasle baten oso zientzia gertukoa egiten zuen eta gomendatu ninduen. Oso ondo joan zitzaidan eta aukera izan nuen zenbait beka eskatzeko. Gero, irakasle postua eskuratu nuen».
Ispilu eta ikur
Hiru belaunalditako kideek atzerrian egonaldiak egin zituzten, baliabide gehiago zituzten lekuetan ikasten jarraitzeko. Egun, ordea, kontrakoa gertatzen da: hona datoz hainbat tokitatik. Erakargarri zerk egiten duten azaltzeko zenbait adierazle nahikoa dira: Shangai rankingean, Kimikan, 151-200 unibertsitate onenen artean dago, haren itzalera bertako irakasleek lau ikerketa zentro –Donostia International Physics Center, Materialen Fisikako Zentroa, Polymat eta CIDETEC– martxan jarri dituzte, haietatik spin off-ak —enpresa autonomoak— sortu dira, 65 patente garatu dituzte, Euskadi Ikerkuntza saridunen erdiak fakultatearekin lotura du eta bi Nobel saridun atxikita ditu.
Meritua, ordea, ez diote ikastegiari soilik aitortu. «Testuinguru egokia izan du. Gauzak landatzeko eguteran egon behar duzu», eta Eusko Jaurlaritzak zientziaren alde egindako apustua nabarmendu du Santamariak. Horri probetxu ateratzen jakin dute, eta inguruak ere sendotu dituela gehitu du Matxainek. «Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultatea, ikerketa zentroak… Guztion sinergiak sortu duen ekosistema horrek ematen digu indarra. Elkarlana, ilusioa eta pasioa ezinbestekoak dira».
Euskara zientzian
Testuinguru horretan, zer leku du euskarak? Ingelesa zientzia komunikatzeko lingua franca bada ere, zientzia egin, euskaraz ere egin daiteke eta egiten dute. Lantaldeak eleanitzak izan ohi dira eta «laborategiko bizitza» leku askotan euskaraz aurrera daramate. Ahalegin horretan dihardute, eta Euskal Herrian badira zenbait kongresu «nahita» euskaraz direnak, Materialen Zientzia eta Teknologia kongresua edo Ikergazte, kasu. «Gure arteko sarea sendotzeko da, elkar ezagutzeko eta hizkuntza mantentzeko. Ikerkuntzak oihartzuna izatea nahi badugu, nahita ez ingelesez egin behar dugu, bestela, munduko beste puntan ez dira enteratzen», azaldu du Matxainek. Edonola, euskaraz argitaratzen dira ikerketak Elhuyar edota Ekaia aldizkarietan.
Hori horrela, hizkuntzari dagokionean, gizartearen erronka berak ditu fakultateak. «Ikasleek euskara normaltzat dute eta ez dute baloratzen», ondorioztatu Santamariak, eta aitortu, «min» egiten ziola euskaraz azaltzen aritu eta ikasleak beraien artean erdaraz entzutek. Baina hori «beste arazo bat» dela dio: «Guk egin behar genuena egin genuen. Ezin dezakegu jendea behartu, baina jakin dezatela edozein irakasle euskaraz irakasten ari denean, hor atzean esfortzu bat egon dela».
«Sinergiak sortutako ekosistemak ematen digu indarra. Elkarlana, ilusioa eta pasioa ezinbestekoak dira»
Jon Mattin Matxain dekanoa
Bokazio zientifikoak sustatzeko ahaleginean, Emakumeak Zientzian gisako egitasmoek neskengan eta emakumezkoengan jarri ohi dute arreta. Kimikan, ordea, hartua dute beren lekua. Emakume kopurua nabarmen hazi da sorreratik, eta ikasleen artean gehiengo dira, %60-%65; baita irakasleen artean ere, alde txikiagoarekin. Administrari, laborategi teknikari… Ikastegiko gainerako postuetan ere nagusi dira. Lehen urteetatik irakasle eta doktoregaien artean ere batzuk bazirela dio Santamariak, eta bilakaera islatzeko bi datu erakusgarri eman: 1980an, tesia irakurri zuen urtean, lau gizonezkok eta emakumezko batek egin zuten; eta berak zuzendutako 24 tesietatik hamasei emakumezkoek idatzi dituzte.
Eutsi eta jarraitu
Toki onean egonagatik, ez zaizkio erronkak falta Kimika Fakultateari. Lau multzotan banatu, eta horiek baliatu dituzte 50. urteurreneko jarduerak ardazteko: heziketa, transferentzia, ikasle berriak eta gizarteratzea. Gizartea aurrera doan heinean, titulazio berrien beharra pizten da; hortaz, Kimikan oinarrituta, gradu bikoitzak eskaini nahi dituzte «Gipuzkoan oso sektore garrantzitsuak diren» bi lerro estrategikotan: materialak eta biozientzia. Halaber, egungo gradua duala eta nazioartekoa bilakatu asmo dute. Horri lotutako beste helburu bat ikasle berriak erakartzea da, «baina ez edozein modutan». Jarduera jakin batzuen bidez, diziplina interesgarri egin eta duen pisua azaldu nahi dute. «Kimika gizartean zein garrantzitsua den transmititu nahi dugu. Askok ez dute Kimika ikasiko, baina arrasto hori uzten badugu, pozik». Bigarren Hezkuntzako eragileekin modu naturalagoan jardun nahi dute ere eta ziklo horretako Kimika irakasleekin eztabaidagune bat sortu.
Bestalde, laborategietan ekoitzitako jakintza herritarrengana helarazteko hiru bide nagusi dituzte: patenteak, spin off-ak eta enpresa-unibertsitate lankidetza. Ikerketa gune eta enpresekin lotura estutze aldera, hitzarmen marko batzuk adosten ari dira zenbait erakunderekin, lankidetzan, transferentzia eta ikerketa garatu ahal izateko. Kultura zientifikoa lantzeko beharraz ere jabetu direla dio Matxainek, Kimikari buruzko gaizki-ulertuak edota beldurrak saihesteko. «Arazoetako bat kimifobia da. Hau da: kimika, orokorrean, artifiziala denez, hobe naturala. Suge baten pozoia naturala izango da eta hiltzen zaitu».
Non topatu?
Kimika leku guztietan dago eta denok egiten dugu; arnasa hartzea nahikoa da. Ikustea, ordea, hori baino askoz gehiago kosta ohi zaigu. Atzematen laguntzen ahalegindu da Aguirre: Eraikuntza materialetan, sendagaietan, tinduetan, ehungintzan, kosmetikan… «Azken ia 200 urteetan Kimikaren ekarpen nagusia bizi itxaropenaren luzatzea eta bizi kalitatearen hobetzea izan da», laburbildu du, baieztapenaren oinarriak argitu aurretik: elikagai gehiago ekoitzi, hobe gorde eta garraiatzea; ura edangarri bihurtzea, sendagaiak sortzea, ehun sintetikoek arropa merkatu eta «demokratizatzea». Hori dena ekarri du.
«Kimikaren ekarpen nagusia izan da bizi kalitatearen hobetzea eta bizi itxaropenaren luzatzea»
Miren Aguirre irakaslea
Edonon dago kimika, eta kimikariak, aldiz, gero eta sektore gehiagotan; esaterako, material iraunkorrak edota energia berriztagarriak garatzen. Aguirrek ohartarazi du «gero eta zailagoa» zaiela ikerlariak aurkitzea, eta hori, esparru horretatik kanpo, gero eta enpresa gehiagok eta sektore gehiagotan behar dituztelako dela uste du.
Ikerketa esparruak aldatzen joan dira garai berriei egokituz. Esaterako, aldaera iraunkorragoen azterketan murgilduta dabiltza. «Erronka horiek duela 30 urte ez zeuden. Askoz ere sentikorragoak gara ingurumenarekiko, prozesu eta material iraunkorrak nahi ditugu eta ikerketa bideratzen ari da ildo horietatik». Ikaskuntzan ere agerikoa da aldea, lehen ikasketa planetik kontzientzia hori bazuten ere. «Ikasgaiak horretara bideratuta daude: Kimika berdea, Kimikak dauzkan hamabi printzipioak gutxiago kutsatzeko, jasangarria izateko, ekonomia zirkularraren barnean egoteko…».
Geroa, orain
Era berean, jakintza arlo honek zeresan handia du adimen artifizialean, ikasketa automatikoan, zehazki; eta konputazio kuantikoan. Matxainek gogoratu du IBMren ordenagailu kuantikoa Ibaetara ekartzekoak direla datozen hilabeteetan, eta halako makinak «efizienteak» izan daitezen, kimikariek beren aletxoa jar dezaketela. Hardwarerako material berriak garatuz, eta baita softwarea ere, «kuantika nolakoa den ulertu behar da eta kimikari teorikoek ulertzen dugu».
Etorkizunera begira, bokaziorik ez da falta, baina nabari dute Bigarren Hezkuntzako plangintza berriekin unibertsitatera jauzia handitu egin dela. Ikasle berriek ezagutza teoriko gutxiago eta exijentzia txikiagoa dute. Hori aldatzen lagundu nahi dute, izan ere, kimikari on batek zer behar duen galdetuta, ados baitaude ezaugarri nagusia diziplina dela, eta horrekin batera, pazientzia. Eta ikertzailea bada, irudimena, datuen interpretaziorako «ezinbestekoa». «Inteligentzia azkenetakoa da. Denok daukagu minimo bat. Diziplina eta lan egiteko gogoa behar dute», laburbildu du dekanoak.
Etengabeko aldaketan murgilduta dagoen mundu honetan zaila da aurreikuspenak egitea. Auskalo nolakoa izango den 50 urte barruko fakultatea, baina ariketa egiteko eskatuta, Matxainek «askoz teknologikoagoa eta segurtasun handiagoa duena» irudikatzen du, eta espero du ikerketa aldetik, egungoa mantendu edota hobetzea; betiere, «ekosisteman eta gizartean pentsatuz, eta talde eta erakunde gehiagorekin lerrokatuta».