EH Bilduren proposamenak Bretxarako: gimnasio publikoa, adinekoen zentroa eta kontsumo kooperatiba

Urte bat bete da Bretxaren kudeaketa, berriz ere, udalaren esku geratu zenetik. EH Bilduk salatu duenez, Donostiako Udalak ez du oraindik proposamen zehatzik eraikinerako, eta urte honetan zehar egindako proposamen eta kontraproposamenen berri eman dute prentsa aurrean Juan Karlos Izagirre eta Itziar Iturri zinegotziek.
EH Bilduk berak Parte Zaharrean egindako galdetegi batean jasotako 630 bizilagunen iritzian oinarrituta, bi lehentasun argi kokatu dituzte Bretxarako: gimnasioa eta adineko pertsonentzako zentroa. Gimnasio publiko txikia nahi du EH Bilduk, “kirol kantxako aldagelekin lotuko lukeena”. Argitu dutenez, Udal Gobernuak “kontraproposamena” egin die: Arkoak eraikinean aurreikusitako gimnasio pribatuan kirol txartelarekin erabiltzea. EH Bilduk dio “ez lukeela” hori egingo, eta udalaren “zehaztapen falta” salatu du.
Bestetik, Bretxan izango den Gizarte Zerbitzuen bulego berria “mendekotasuna ez duten adineko pertsonentzat zentro batekin osatzeko” proposamena egin du EH Bilduk. Udalaren proposamena, berriz, zerbitzu hau Kanpandegi kaleko zuzkidura etxebizitzetan kokatzea da. EH Bildurentzat, berriz ere, “zehaztapen falta” dago proiektu honen atzean.
Kontsumo kooperatiba
800 metro koadro dituen lehenengo solairuak sortu die kezka EH Bilduko zinegotziei: “Bilera guztietan galdetu dugu ea zer egingo duten hemen. Erantzuna beti da bera: ez dagoela ezer”. Egoera horren aurrean, hainbat dira koalizioa egiten ari den proposamenak, baina orain arte aurkeztu ez duten bat jarri dute mahai gainean: kontsumo kooperatiba bati lagapena egitea.
Izagirreren hitzetan, formula hori arrakastaz erabiltzen da gaur egun inguruko beste herri batzuetan, hala nola Oiartzunen, Azpeitian edo Igeldon. Era berean, “lehen sektorearekin, elikadura subiranotasunarekin eta kontsumo arduratsuarekin lotutako hitzaldiak eta tailerrak egiteko aukera emango litzateke, eta 0. solairuko merkatuaren eta baserritarren osagarri izango litzateke”, Izagirreren arabera.
Baserritarren etorkizuneko kokapenak sortutako eztabaidari dagokionez, EH Bildu “haien iritzia defendatuko” dutela jakinarazi du: “Jakin badakigu, gaur egun, azken urte hauetan esan zaienaren aldeko iritzia nagusitzen dela: espazio bat plazan bertan, Arkoak eraikinaren iparraldeko aldean. Baserritarrek iritzia aldatu eta Arrandegi eraikinaren barruan proposatutako kokapen berria onartuko balute, iritzia aldatuko genuke EH Bildun. Ezin da aldaketarik egin inplikatuta daudenen onarpenik gabe; gure ustez, onartezina da”.