Gerra eta errepresioa, Francesc Boixen begiradatik
Mauthausengo kontzentrazio esparruan egon zen argazkilari kataluniarraren irudiek osatzen dute maiatzaren 31ra arte Okendo Kultur Etxean ikusgai dagoen erakusketa; 22. Giza Eskubideen Zinemaldiaren parte da.

Aste gutxi barru, maiatzaren 5ean, 80 urte beteko dira Mauthausengo estatubatuarrek (Austria) kontzentrazio esparrua askatu zutenetik. Egun horretan bertan, Leica kamera lepoan eta gerra argazkilari gisa identifikatzen zuen besokoa jantzita, kide batek argazkia egin zion Francesc Boix Camposi, eta aipatu irudia dago Okendo Kultur Etxeko erakustaretoko horma nagusian. 22. Giza Eskubideen Zinemaldiaren barruan, Amical de Mauthausen, Museu d’Història de Catalunya, Giza Eskubideen Zinemaldia eta Donostia Kulturak antolatutako Mauthausenetik haratago. Francesc Boix argazkilaria erakusketak ateak zabaldu ditu gaur, eta bertan egongo da maiatzaren 31 arte.
Boix ardatz badu ere, gerren bideetatik ibili ziren gizon-emakume errepublikanoak ere gogoratzen ditu, 1936ko gerran (1936-1939) edota II. Mundu Gerran(1939-1945) ibilitakoak. Nazien esparruetan hil eta sufritu zutenak, eta bizirik irten ondoren, behin betiko erbestea edo diktadura frankistaren tratu iraingarria pairatu zutenak. “Oso garrantzitsua da guretzat memoria historikoari buruzko erakusketa hau gure jaialdian oinarrizkoa eta transbertsala den gaia”, azaldu du zinemaldiaren arduradun Josemi Beltranek.
1996an Espainiako Amical de Mauthausen elkarteak bere artxibo historikoaren zati bat Kataluniako Historia Museoan utzi zuen. Funts horien artean, Mauthausen eta Gusen kontzentrazio esparruetako negatibo fotografikoen bilduma bat zegoen, Boixek Mauthausenen eginak, eremuak identifikatzeko zerbitzurako. Horiez gain, urte batzuk geroago, 2013an, egile ezezaguna zuten zenbait argazki, berak eginak zirela jakin zen. Bi bildumak baliatuta, 2015ean antolatu zuten erakusketa eta Kataluniatik kanpo erakusten duten lehen aldia da. 70. urteurrenaren harira atondu zuten Boix, bere argazki funtsa, eta deportazioaren berri emateko.
Pertsona arruntak
SSen laborategitik negatiboak lapurtzeak “helburu politikoa eta erresistentzia helburua” zuela argitu du Amicaleko presidente Juan Manuel Calvok, “etorkizunean nazien krimenak epaitu ahal izateko frogak izan zitezkeela pentsatu baitzuten”. Zehaztu du, hala ere, hori ez zuen Boixek berak bakarrik egin, laborategian lan egiten zuten beste bi preso errepublikarrek ere parte hartu zuten, eta atera ondoren gordetzeko, Anna Pointner bizilagunaren laguntza izan zuten. Boixi buruzko film eta komikia egin dira, eta horri helduta, Calvok ohartarazi du garrantzitsua dela argazkilaria ez mitifikatzea, izan ere, kontzentrazio esparruetan naziek presoak deshumanizatu egin bazituzten, haiek heroitzat hartzea, berriro deshumanizatzea litzatekeela uste du. “Pertsona arruntak ziren muturreko egoera batean erresistentzi ekintza bat egiteko adorea izan zutenak”.
Bestalde, Euskadi, Nafarroa eta Errioxako Amicalen ordezkari Juan Francisco Murillok erakusketa ekarri izana eskertu dio Giza Eskubideen Zinemaldiari. Nabarmendu du “leiho” bat dela antzeko bidea egin zuten familia askoren bizitzetara: gerra, erbestea, kontzentrazio esparruak, nazien aurkako borroka. Ia 10.000 deportatu egon ziren errepresio gune horietan, 253 bat euskaldun edota nafar, eta haien memoria aldarrikatzeko koordinadora bat sortu dutela ere adierazi du.
Hiru garai
Bildumak 132 argazki idtu, 93 azalpen kartel eta arlo bakoitzeko hainbat sarrera afixa. Boixen bizitzaren hiru ataletan banatuta dago:
- Gazteria, 1936ko gerra eta erbestea (1920-1941). Francesc Boix Campo Bartzelonan jaio zen 1920ko abuztuaren 31n familia errepublikano eta katalanista batean. Gaztaroa egin zituen argazkilari ikasle gisa lehen urratsak, zaletasuna eta etxean argazki laborategi bat zuen aitarekin partekatzen zuen. 1936ko Estatu kolpearen ondoren, Gazte Sozialista bateratuetan afiliatu eta prentsa komunistak kolaboratu zuen. Frontean ibili zen gertakariak dokumentatzen.
- Deportazioa (1941-1945). 1941ean Mauthausenera iritsi zen. Handitze lanetan parte hartu zuen urte amaieran Identifikazio Zerbitzura bidali zuen arte. Han aritzeak aukera eman zion bere herrikideentzako mesedeak lortzeko, baita borreroen aurkako frogak metatzeko ere, negatiboak ezkutatuz. Mauthausen herriko zelaitik atera eta gorde zituen.
- Bizitza berri bat (1945-1951). Parisera iritsi zen, milaka argazki eta negatiborekin. Nurenbergeko epaiketan eta Dachaukoan lekuko gisa parte hartu zuen eta aukera baliatu zuen bi prozesuak dokumentatzeko. Espainiara itzuli ezinik, erreportari gisa bidaiatu zuen, baina osasun txarraren ondorioz, Parisen hil zen 1951eko uztailaren 7an.
Ordutegia: Astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era; larunbatak eta zubiak, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara; Igande eta jaiegunetan, itxita.
Apirilaren 9an eta maiatzaren 14an Euskadi, Nafarroa eta Errioxako Amicalen ordezkari Juan Franciso Murrillok gidatutako bisita komentatua egingo dute, 19:00etan. 25 lagunek parte hartu ahal izango dute, aurre izena eman behar da Okendo Kultur Etxean.












