«Kalean zaudenean ikasketak egitea zaila da: lehenengo, non lo egingo duzun pentsatu behar duzu»
Ramadan betean harrapatu dugu Mohamed Salhi 19 urteko gaztea, eskola eta eskola artean. Kalean bizitzetik, iturgintza ikasketak egitera egin du salto, eta itxaropenez begiratzen dio etorkizunari: «Bodyboard eskola bat ireki nahi dut!».

Harro darama langile buzoa Mohamed Salhik (Kenitra, Maroko, 2005). Amara Berrin bizi den arren, Errenteriara doa egunero, Peñascal kooperatibara iturgin ikasketak egitera.
Ikastaro asko daude Peñascalen: sukaldaritza, soldadura, mekanika, iturgintza… Soldadura, tabernari eta hotel garbiketa egin ditu lehenago Salhik: «Gustatzen zait gauzak ikastea». Lau eta sei hilabete artean irauten du ikastaro bakoitzak: «Iturginarenak, zazpi hilabete eta, gero, praktikak. Horrela gero, zortea badago, enpresa batean geratu naiteke». Horrez gain, ingelesa ere ikasten dabil Salhi: «Industrialdearen kanpoaldera noa eskoletara; 13:30ean bukatu, eta hamar minutu ditut gero tailerrera sartzeko!».
Iturgintza maite duela onartu du. Txikitatik datorkio zaletasuna: «Osaba bat iturgina zen, eta oporretan, eskolarik ez nuenean, berarekin egoten nintzen. Nekeza da, baina lana egin behar!», dio, lana lortzeko itxaropentsu.
Arratsaldez ikasi, goizez surfa
Eguerditik hasita, gauera arte aritzen da ikasten. Baina goizetan gehien gustatzen zaiona egiteko aprobetxatzen du: itsasora sartzea. Bodyboarda egiten du txiki-txikitatik, eta hori da bere benetako pasioa. «Amaren lagun baten semea Europan bizi zen, eta berak taula bat ekarri zuen etxera. Nik hartu nuen probatzeko, baina amak ez zidan uzten, ikasi behar nuela esaten zidalako». Amak armairu atzean ezkutatu zuen, baina Salhik, eskolatik ateratzean, ezkutuan hartzen zuen taula eta hondartzara joaten zen: «Ez nuen begiratzen ezta ze olatu zeuden ere, beti barrura».
Txikitatik lan egiten zuenez, diru apur bat aurreztu eta bere taula erosi zuen. Lehenengo txapelketan ez zuen ezer lortu, baina gero, asko entrenatu eta hiriko hainbat txapelketako irabazlea izan zen.
Agadir hirian egiten den txapelketa handi batean parte hartu zuen. 100 lagunek izena eman zuen, eta 50 hautatuen artean zegoen Salhi. «28. geratu nintzen, eta finalera sailkatu nintzen. Oso ondo, kontuan izanik 18 urtetik gorako txapelketa bat zela; eta nik 17 besterik ez nituen!». Finala ez zuen jokatu, Europara etorri zelako.
«Marokon surflari asko dago, eta oso onak, baina ez dago laguntzarik: txapelketa baterako, zuk ordaindu behar duzu guztia». Hemen ere «laster» txapelketetan hasi nahi duela dio: «Lehenago, ordea, lana egin behar dut materiala lortzeko, garraiatzeko… Etorkizunean, Euskal Herriko Surf Federazioan egon nahiko nuke».
Zurriola hondartzan
Hango eta hemengo itsasoaz galdetuta, ez du zalantzarik: «Ni bizi naizen lekuan daude Marokoko olaturik hoberenak! Euskal Herrian ere badira leku onak: Zarautz eta Mundaka, esaterako. Baina nik ez dut dirurik, ezta denborarik ere horra joateko. Astean zehar ikasten, eta asteburutan atseden hartu behar dut». Grosen ibiltzen da, beraz, ahal duen guztietan.
Azken urteotan hasi da Marokon surf turismoa handitzen, baina jendea ez doa Kenitrara, Agadirrera baizik. «Nire herrian olatuak oso onak dira, baina oso ona izan behar duzu bertan surf egiteko. Zergatik? Hondartza harrizkoa delako! Ikusi nire eskuak, orbainez beteak daude!», dio, barrez.
Bere ametsa argi du Salhik: «Orain iturgin izan nahi dut, baina espero dut hori ez izatea betirako. Surf eskola bat ireki nahiko nuke, lehenengo hemen, eta gero Marokon. Eta mundu guztiarentzat izatea: behartsuentzat eta dirudunentzat, berdin!».
«Orain iturgin izan nahi dut,
baina espero dut hori ez izatea betirako.
Surf eskola bat ireki nahiko nuke,
lehenengo hemen, eta gero Marokon»
Urte t’erdi kalean
Oso gazte zela egin zuen alde etxetik Salhik. «Melillara sartu ginen zazpi lagun, igerian. Oso arriskutsua izan zen. Goizeko zazpietan abiatu ginen, bi kilometro sartu itsaso barrura hondartzatik, eta, ostean, Melillako portura iritsi ginen. Bertan izan ginen goizaldeko hiruak arte. Bustiak eta hotzak hiltzen, baina horrela sartu ginen hirira, oinutsik».
Bi egunez izan ziren harrera etxe batean, eta gerora, kalean lo egiten hasi ziren. Lehenengo aldia zen kalea ezagutzen zuena, eta hortik aurrera ia bi urtez egon zen hainbat hiritako kaleetan bizitzen. Lehenengo, Madrilen, eta hori gustatu ez, eta Donostiara etortzeko esan zion lagun batek: «Nik ezagutzen nuen lehendik Donostia, eta Madrilen itsasorik ez dagoenez, hona etortzea erabaki nuen».
«Ez nion ez amari, ez aitari,
ez anai-arrebei kontatu
Europara etorri nahi nuela: jakingo
balute, ez lidakete etortzen utziko»
Ez zion ez amari, ez aitari, ez anai-arrebei kontatu Europara etorri nahi zuela: «Jakingo balute, ez lidakete etortzen utziko». Orain, ordea, faltan botatzen ditu, eta «egunero-egunero» hitz egiten du beraiekin. «Askotan, ez dizkidate etxeko arazoak kontatzen, ni ez kezkatzeko, eta beti dut zerbait txarra pasatuko ote denaren beldurra».
Hilabeteetako ahalegin nekezaren ostean, lortu ditu errolda eta hainbat baimen, eta behin eta berriro errepikatzen du: «Orain ondo nago, bai». Atzera begiratuta, ordea, ez du bizitakoa ahazten: «Gogorra da kalean egotea». Urte eta lau hilabete egon zen kalean. «Motxila beti gainean, eta hor, nire gauza guztiak: mantak eta ikastaroetako koadernoak».
«Kalean beldurra pasatzen da»
Kalean egotetik aurrera egitea posible dela erakutsi nahi du Sahilek, baina laguntza behar dela aldarrikatu du: «Kalean beldurra pasatzen da. Pertsona batzuk pixka bat arrazistak dira, eta kontuz ibili behar da».
Duela hilabete batzuk, Emauseko gaztelera ikastaro bat amaitu zuenean, Eroskira joan zen, tortilla bat, ogi barra bat eta esnea erostera: «Hondartzara joan nintzen afaltzera, eta nire atzetik hainbat polizia etorri ziren. Mugikorrari ostiko bat eman zioten, eta belauna lepoan jarri zidaten, nire motxila begiratzen zuten momentuan. Erosketa tiketa ikusi zuten, eta orduan joan egin ziren. Mugikorra puskatu zidaten, eta lau hilabetez txatarra biltzen aritu nintzen, berria erosi ahal izateko».
«Kalean zaudenean ikasketak egitea zaila da: ikasten hasi aurretik, lehenengo, burua non utziko duzun pentsatu behar duzu. Ez da berdina etxe batean esnatu, dutxatu eta ikastera joatea, edo gaua hotzez igaro ostean joatea…».
«Donostian pertsona
onak direnak gehiago dira,
arrazistak direnak baino»
Donostian, kalean lo egiten pasatutako pasadizoak ez dira eskuko hatzekin kontatzen: «Behin, kalean lotan nengoela, gauerdian kolpe bat entzun nuen. Kristalezko botila bat puskatu zuen norbaitek nire buru ondoan. Ez nuen ikusi nor zen, ezta zergatik egin zuen ere. Ero asko dago kalean, eta noski, beldurra ematen du. Nor enteratuko da zerbait gertatzen bazaigu? Inor ere ez».
Pasatutakoak pasatuta, 19 urteko gazte batengan ezohikoa den irribarre eta ilusioa du Salhik, eta behin eta berriro errepikatu du: «Etorkizunerako gogo handiak ditut!». «Badakizu zer egin nahi dudan?», galdetzen du: «Pelikula bat nire historiari buruz: Kalean lo egin, gero ikasi, lana, eta gero surfa!». Amaiera ona duen pelikula izatea espero dugu.

Afari solidarioak benetako laguntza izan direla gogorarazi du. «Udalak ematen zituen elikadura laguntzak hiru hilabetekoak ziren, eta gero zer?». Orain, zorionez, Gurutze Gorriaren pisu batean bizi da, beste bost gazterekin batera, eta horregatik, orain, bera da boluntarioa KASen:«Ahal dudanean laguntzen dut afariak egiten eta banatzen».
Honela, Sahil eredu da beste gazteentzat. Kale egoera gainditu, eta egun, «ahal duen neurrian», kolaboratzen du KASekin eta bestelako ekintzaileekin. Joan den martxoan, adibidez, En la calle dokumentalaren inguruan hitz egiten aritu zen Egiako Teila Fabrikan, kale egoeran dauden gazte migratzaileen inguruan.
«Famila baten modukoa da KAS, eta oso eskertua nago». Donostian arrazistak daudela dio, baina argi du: «Donostian pertsona onak gehiago dira, arrazistak baino».