Kopen lehiak ez du etenik
Realeko belar hockey taldeak Espainiako Kopako azken fasea jokatuko du gaurtik aurrera, Terrassan.

Bera Berak irabazi zuen, Txuri Urdineko neskak ez ziren finalera iritsi, eta Realeko mutilen futbol taldeak oraindik jokoan dauka. Kopako azken faseak jokatzeko, maila onean aritu behar da, eta Donostiako kirol taldeak horrela dabiltza. Gaurtik hasita, Realeko belar hockey taldeak ere Espainiako Kopa izango du jokoan, Terrassan (Herrialde Katalanak). Hain zuzen ere, Atletic Terrassaren kontra ariko dira gaur 17:20ean, final-laurdenetan. Aurrera egiten badute, Egara edo Taburiente izango lukete aurkari bihar, finalerdietan. Aldiz, finala igandean izango da.
Eskubaloian, hiru goleko desabantaila gainditu beharko du Bera Berak etzi, Alemanian. Hori da bete beharreko baldintzan Europako Ligako Lauko Finalera iristeko. Gaskan jokaturiko final-laurdenetako partidan, donostiarrak ez ziren arerioa baino gutxiago izan. Horrela ere, HSG Blomberg Lippek irabazi zuen, eta errenta on bat eskuratu zuten (25-28). Hori iraultzeko gai da Bera Bera, baina jokorik onena erakutsi beharko du etzi, 16:00etan.
Futbolean, Realeko mutilek ligako lehia berrabiaraziko dute, selekzioen etenaren ondoren. Txuri-urdin ugarik partida onak jokatu dituzte euren selekzioekin, eta golak ere egin dituzte. Orain, ordea, Realaren maila ematea dagokie. Horretarako, Valladolid gainditu beharko dute bihar eguerdian (14:00). Ligako azken sailkatua izango dute aurrez aurre, eta, beraz, bai ala bai irabazi beharreko neurketa izango da. Realeko neskek, berriz, bolada txarra eteteko arerio okerrena dute zain, ligako partidan. Real Madrilen kontra ariko dira hain zelaian etzi, 18:00etan. Europatik kanporatu berri dituzte madrildarrak, eta kolpe hori baliatzen saiatu beharko dira txuri-urdinak.
Saskibaloian, Ibaeta Basketi azken txanpa falta zaio liga bukatzeko. Ezin esan lau final izango direnik, baina ahalik eta neurketa gehien irabaztea komeni zaie. Batez ere, ezustekorik ez izateko. Kopako etenaren ostean, Ardoi talde nafarra hartuko dute bihar, Gaska kiroldegian (18:00). Azken sailkatua izanik, ezinbestekoa da Azu Muguruzaren taldearentzat irabaztea, eta bederatzigarren garaipena lortzea. Bestalde, Gipuzkoa Basketek Estudiantesen kantxan jokatuko du etzi, 12:00etan. Mikel Odriozolak gidaturiko taldea ezustekoa ematen ahaleginduko da.
PARTIDAK
Belar hockeya
Espainiako Kopa, final-laurdenak
- Reala – Atletic Terrasa (gaur, ostirala, 17:20)
Eskubaloia
Europako Liga, final-laurdenetako itzulerakoa
- HSG Blomberg Lippe – Bera Bera (etzi, igandea, 16:00)
Futbola
Gizonezkoen liga, 29. jardunaldia
- Reala – Valladolid (bihar, larunbata, 14:00)
Emakumezkoen liga, 24. jardunaldia
- Real Madril – Reala (etzi, igandea, 18:00)
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 27. jardunaldia
- Ibaeta Basket – Ardoi (bihar, larunbata, 18:00)
Gizonezkoen bigarren maila, 27. jardunaldia
- Estudiantes – Gipuzkoa Basket (etzi, igandea, 12:00)