Manteo kaleko bizilagunek indarrak batu dituzte
Gros eta Ulia artean dagoen auzunea «utzita» dagoela jakinarazi dute. Identifikatu dituzten gabezien artean daude argiztapen falta, ekipamenduen degradazioa, zikinkeria eta segurtasun eza.

Orain gutxi arte Manteo zeharbidean bizi ziren, baina orain kale izena hartu du. Ulia mendiaren magalean eta Manteoko Xabier Zubiri ikastetxearen artean dago, eta auzune bat osatzen dute han bizi diren herritarrek. Gainera, elkartzea erabaki zuten, Manteo «erabat utzita» dagoela erakusteko.
«Manteo kaleko bizilagunok gure ingurunean oso errotua dagoen komunitatea osatzen dugu. Betidanik konpartitu izan ditugu ospakizunak frontoiko plazan. Hala nola, haurren urtebetetzeak, palako partidak eta egun beroetan luzatzen diren auzokideen arteko solasaldiak», azaldu du Javier Castroviejo auzotarrak. «Era berean, frontoian bat-bateko batzarrak egin izan ditugu, eta ahoz ahokoaren bidez, auzoko hainbat arazori erantzun diegu», gaineratu du.
Auzunearen «dekadentziarekin» kezkatuta, iazko irailean Donostiako Udalarengana jo zuten auzunearen gabezien berri emateko. Aurtengo martxora arte, ordea, ez dute erantzunik jaso. Bizilagunen orain arteko batzar jendetsuena martxoaren 17an egin zuten, Groseko Okendo Kultur Etxean. Manteoko 60 bizilagunek baino gehiagok parte hartu zuten, eta auzunearen arazoak eta beharrak zerrendatu zituzten. Horiek denak auzo programa batean jaso dituzte, eta pasa den astean plazaratu zituzten.
Gabezien zerrenda
Asko dira auzunean identifikatu dituzten gabeziak, eta Donostiako Udalari «utzikeriaz» jokatzea egotzi dio Castroviejok. Aipaturiko auzo programan 21 puntuko proposamenen eta eskaeren zerrenda jaso dute, lehentasunaren arabera sailkatuta. Frontoi irekiaren eta inguruko hiri altzarien «degradazioa» nabarmendu du Castroviejok, eta argiztapen falta nabaria duela auzuneak: «Zikinkeria asko ere pilatzen da auzuneko hainbat txokotan».
Landu duten auzo programarekin, dituzten arazo guztiak konpontzea dute helburu. «Manteori bere bizitza itzuliko dioten neurri zehatzak bultzatu behar dira. Auzo bizia berreskuratu nahi dugu, energiaz betea, bertako biztanle guztien oinarrizko eskubideak errespetatu eta bermatuko dituena», azaldu du Castroviejok. «Gure konpromisoa irmoa da: ingurune demokratiko eta eraikitzaile batean bizitzea, proposamen bakoitzak gure komunitatearentzako utzikeria aurrerapen eta duintasun bihurtu dezan», gaineratu du.
Duintasun falta
Manteoko bizilagunen gabezien lehentasuna ez den arren, garrantzitsua den beste kezka bat agertu du Castroviejok: «Abandonuak bere adierazlerik handiena lortu du auzunean: baliabiderik ez duten pertsonek udal lorategietan azpi-etxebizitzak eraikitzea baimentzen du udalak, hor bizi diren pertsonei alternatiba duinik eskaini gabe». Horrekin batera, ohartarazi du udal lorategiko «azpi-etxebizitza» horietan butano bonbonak egoten direla: «Hori oso arriskutsua da eraikin inprobisatu horietan bizi diren pertsonentzat eta auzoko bizilagunentzat».
Horiek horrela, udalari neurri «eraginkorrak» exijitu dizkiote Manteoko bizilagunek: «Azpi-etxebizitzen kokalekua desegitea, ahultasun egoeran dauden pertsona horientzako bizitoki alternatiba duina bermatzea, kalteturiko espazio publikoa lehengoratzea eta babestea, eta auzunea hobetzeko plan integral bat ezartzea, argiztapena, garbiketa, mantentze lanak eta segurtasuna indartzearekin batera».
Hain zuzen ere, pasa den astean Udaltzaingoak eta Ertzaintzak Manteo inguruan zegoen migratutako pertsonen kokaleku bat hustu zuen. Manteoko bizilagunek batzar bat egingo dute gertaturikoaz hitz egiteko. Horrela ere, berretsi dute udalak kanporaturiko pertsona horien duintasuna bermatu behar duela.
Kaleko Afari Solidarioak eta Hiritarron Harrera Sarea «oso haserre» agertu ziren Manteoko hustutzearekin: «Badirudi gazte hauek ez ditugula geuretzat hartzen. Azal koloreagatik al da? Jatorriagatik? Pobre izateagatik? Mesedez, ozen aldarrikatzen dugu gure gazteak badirela». Donostiako Udaleko LABeko Atal Sindikalak ere geraturikoa gaitzetsi zuen. Udaltzaingoa «helburu alderdikoiekin» erabiltzea eta erabilera horren oinarrian dauden «jarrera xenofobo eta arrazistak» salatu zituzten.