'The Times They Are A-Changin', baina asko ere ez

‘A COMPLETE UNKNOWN’
Zuzendaria: James Mangold · Urtea: 2024 · Herrialdea: AEB
60ko hamarkadaren hasierako New Yorkeko eragin handiko eszena musikalean girotua, Bob Dylan 19 urteko folk abeslariaren igoera meteorikoaren historia kontatzen du filmak, bere hastapen xumetik kontzertu eremu nagusiak bete eta arrakasta zerrenden gorenera iritsi arte. Izan ere, bere abestiak eta bere mistika mundu mailako fenomeno bilakatzen joan ziren, 1965ean, Newport Folk Festivalaren baitako emanaldi gogoangarri adina polemiko batean historia egin zuen arte.
Biopic klasiko bat ontzeko formula ohikoa darabilen arren, bada zerbait apartekoa James Mangold estatubatuarrak aurkezturiko lan honetan. Kontakizun soiletik harago doa, ez du bilatu Bob Dylan nor den azaltzea. Horren ordez, fokua Robert Zimmermanengan jarri du, jenioan eta ez pertsonaian, estruktura argirik gabeko —artistaren buru kaotikoa bezain nahasiak dira denbora eta espazioa— esperientzia sentsorial betean.
Bestela esanda, gauza asko kontatu nahi dituen eta, azkenean, bat bera ere kontatzen ez duen film baten aurrean gaude: pisua, beraz, aktoreen interpretazio distiratsuan —Timothee Chalamet (!), Monica Barbaro, Edward Norton, Elle Fanning— eta garai zailetan herrialde oso bat elikatu zuten doinuetan. Gerra, eskubide zibilen aldeko borroka, krisialdi ekonomikoa… bilatu nahi dituenak aurkituko du paralelismo ugari bizi dugun une soziopolitikoarekin, eta hori da, akaso, filmak eskaintzen duen beste heldulekuetako bat. Azkenerako, ezinezkoa da ariketa errebelde eta distiratsu horren aurrean amore ez ematea.
Kargu hartzeko motiborik? Hori, ere bai. Joan Baez musikari eta aktibistaren gehiegizko sexualizazioa kasu, zeina, bere jardun eta posizionamendu politiko aktiboa islatzeko aukeraren kaltetan —honek ere izan baitzuen Dylanen letra eta poesian eraginik—, subjektu zaurgarri gisa aurkeztua den, erantzukizun afektibo handiegirik ez duen gizonaren maite jokoen aurrean.
Edonola ere, film gozagarria da A Complete Unknown. Ez daukat argi Bobbyk berak harrapatu nauen, bere mistikaz eta izaeraz, edo Chalametek haren handitasunaren bila buruturiko erakustaldiak. Erantzuna, ene adiskideok, airean mugituko da. Edozein kasutan, ez dut deskubritzeko beharrik: denak funtzionatzen baitu zinema-tirabirarik gabe eta tonu perfektuaz jositako istorio honetan. Honatx musika eta zinemaren arteko konbinazioaren magia: azkar eta sakonago erasotzen duen nahasketa gorena.