Amaia Zabarteren aldeko elkarretaratzea egingo dute, Realaren eta Valladoliden arteko partidaren atarian

Justizia Amaiarentzat lelopean, elkarretaratze bat egingo dute gaur 13:15ean, Anoetako topo geltokiaren aurrean. Realak eta Valladolidek 14:00etan jokatuko duten ligako partidaren atarian izango da.
Bultzada Txuri Urdinak eta Realaren beste peña batzuek antolatu dute, Amaia Zabarte realzaleari “babes irmoa erakusteko” eta indarkeria poliziala salatzeko: “Joan den urteko martxoaren 5ean bortizkeria polizialaren enegarren adibidearen lekuko izan ginen denok. Ertzaintzak burututako karga zentzugabean, Amaia Zabarte realzaleak gomazko pilotakada jaso zuen buruan, konortea galdu zuelarik. Ez hori bakarrik, irudiek frogatzen duten bezala, lurrera erortzean ostikada ere jo zion ertzain batek. Amaiak hilabeteak eman ditu erasoak eragindako osasun kalteei aurre egiten, baina betirako gaitzak geratuko zaizkio”.
Zabartek jasan behar izan duen sufrimendua fisikoaz haragokoa dela gaineratu dute. “Poliziak tiro egin eta ostikada jo ondoren, sistema judizialak baloia errematatu zuen, kasua artxibatzeko egin zuen saiakeran. Hala ere, familiak ezarritako helegiteari esker, kasua berrireki da eta Amaiak apirilaren 7an epailearen aurrean deklaratuko du”, adierazi dute.