Bera Berak gertu izan du balentria
Europako Ligatik at geratu da Donostiako eskubaloi taldea, Alemanian kanporaketa berdindu eta penaltietan galdu ondoren.

Lauko finalaren atarian geratu da Bera Bera eskubaloi taldea. Europako Ligatik kanpo geratu arren, harro egoteko arrazoi asko dituzte. Donostiako taldeak erakutsi du Europan aritzeko maila duela. Are gehiago, lehiatzeko gaitasuna dute. Multzoen ligaxkan ondo aritu ondoren, final-laurdenak gainditzear izan dira. Hiru goleko desabantaila berdindu zuten atzo Alemanian, HSG Blomberg Lippe etxeko taldeari 19-22 irabazita. Kanporaketa penaltietan erabaki behar izan zuten, eta seigarren penaltian huts egin zuten donostiarrek. Arroyok ez zuen asmatu, eta Ona Veguek egin zuen gol erabakigarria (24-26). Aldiz, final-laurdenetako emaitza orokorra 52-51 izan, eta agerian geratu da balentria oso gertu izan dutela.
Belar hockeyan, Realak ez du Terrassan jokaturiko Espainiako Kopako finalera iristea lortu asteburuan, finalerdietan galdu ostean. Dena dela, estu hartu zituzten arerio guztiak. Ostiralean, Atletic Terrassa taldea menderatu zuten penaltietan (3-1). Izan ere, neurketa berdinketarekin (2-2) bukatu zen. Finalerdietan, berriz, Egara etxeko taldearen kontra aritu ziren, eta ezustekoa ematetik gertu ibili arren, galdu egin zuten (2-1). Horiek horrela, hirugarren posturako kanporaketa jokatu zuten Junior taldearen aurka. Norgehiagoka hau ere berdindu egin zuten (1-1), baina penaltietan ez zuten asmatu (3-1). Beraz, laugarren bukatu zuten kopa.
Futbolean, Realeko mutilek garaipen estua lortu zuten larunbatean, Valladolid azken sailkatuaren kontra (2-1). Txuri-urdinek ez zuten partida guztiz ona jokatu, baina eraginkortasun pixka bat berreskuratu zuten. Horrela, Mikel Oiartzabal kapitainaren eta Sergio Gomezen golekin neurketa bideratu arren, luzapenean arerioak egindako golak urduritu zituen harmailak. Ordea, ez zuten besterik egiteko astirik izan. Hiru puntu hauekin, Europarako sailkatzeko aukerak berraktibatu dituzte. Realeko neskek, berriz, laugarrenean ere galdu egin zuten Real Madrilen kontra (3-0). Beste behin ere agerian geratu zen pare bat koska gorago daudela madrildarrak.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek Ardoi azken sailkatua menderatu zuen, Gaska kiroldegian (81-74). Nafarrak bigarren maila bidali zituzten donostiarrek. Bestalde, Gipuzkoa Basketek partida ona jokatu zuen Estudiantes bigarren sailkatuaren kontra, baina ez zen nahikoa izan Madrildik garaipena ekartzeko (76-66).
EMAITZAK
Eskubaloia
Europako Liga, final-laurdenetako itzulerakoa
- HSG Blomberg Lippe 24 – Bera Bera 26
Belar hockeya
Espainiako Kopa
- Final-laurdenak: Reala 2 – Atletic Terrassa 2 (3-1)
- Finalerdiak: Egara 2 – Reala 1
- Hirugarren posturako partida: Junior 1 – Reala 1 (3-1)
Futbola
Gizonezkoen liga, 29. jardunaldia
- Reala 2 – Valladolid 1
Emakumezkoen liga, 24. jardunaldia
- Real Madril 3 – Reala 0
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 27. jardunaldia
- Ibaeta Basket 81 – Ardoi 74
Gizonezkoen bigarren maila, 27. jardunaldia
- Estudiantes 76 – Gipuzkoa Basket 66