Loiolako osasun etxearen alde mobilizatuko dira

Osasungintza publikoan lehen mailako kalitatezko arreta aldarrikatzen jarraitzen du Olatu Txuria plataformak, eta datozen aste eta hilabeteetarako hiru mobilizazio iragarri ditu Donostian. Larunbat honetan (apirilak 5), hain zuzen ere, Loiolako anbulatorioaren aurrean elkarretaratuko dira, 12:00etan. Bestalde, maiatzean (eguna zehazteke dago), Intxaurrondokoaren aurrean egingo dute elkarretaratzea eta, azkenik, manifestaziora deitu dute ekainaren 7rako (12:00), Martuteneko, Loiolako eta Txomiñeneko kaleetatik.
DOPA plataformak ere bat egin du larunbat honetako mobilizazioarekin, baita hiriko auzo elkarte ugarik ere: Lanberri (Txomiñenea), Sarroeta (Martutene), Loiola Urumea Ibai, Oleta (Altza), Bideak (Bidebieta), Buenavista (Altza), Lodabe (Altza), IZBE (Intxaurrondo) eta Peña y Goñi Auzo Eginez (Gros).
Horrela, Sarroeta auzo elkarteak kalitatezko osasun zentro baten alde mobilizatzeko beharra nabarmendu du: “Osasun etxe berria 2027rako, eta bitartean zer? Martutene, Loiola eta Txominen artean, 12.000 biztanle inguru baino gehiago gara. Pediatra eta familia medikuek artatzea nahi dugu. Artatuak izan nahi dugu gaixorik gaudenean eta dagozkigun osasun azterketak egin ahal izatea. Beste anbulatorio batzuetara edo larrialdietara gehiago ez bidaltzea nahi dugu. Eta ez dugu murrizketa gehiagorik nahi gure osasun publikoan”.
Hain zuzen ere, ez da zentro horren alde mobilizatzen diren lehen aldia; urtarrilean eta otsailean mobilizazioak egin zituzten, esaterako. Lehen arretako hiriko beste hainbat osasun zentroren alde ere mobilizatzen ari dira herritarrak azkenaldian, kalitatezko osasungintza publikoa aldarrikatzeko.