Udaltzaingoan ustez gertatutako sexu-jazarpen kasu baten inguruko ikerketa zabalik dago oraindik

Ane Oiarbide Donostiako Udaleko Berdintasun zinegotziak joan den asteko Osoko Bilkuran gogorarazi duenez, Udaltzaingoan ustez gertatutako sexu-jazarpen kasu baten inguruko ikerketa zabalik dago oraindik, baina emaitzari buruz ez dute ezer aurreratu “konfidentzialtasun arrazoiengatik”.
Oiarbidek berretsi duenez, udalak horrelako egoeretarako duen protokoloa martxan jarri zela sare sozialen bidez egindako salaketa baten berri izan zenetik. Berdintasun zinegotziak adierazi zuenez, Udalean hainbat neurri hartzen ari dira egoera horien aurrean esku-hartzea hobetzeko. “Langileen ordezkariekin eta sindikatuekin Berdintasun Plan berria lantzen ari gara, Protokoloaren aldaketa barne”, gaineratu du.
Prestakuntza indartzea
Horrela erantzun zion Oiarbidek Elkarrekin Donostiak aurkeztutako kontrol-mozioari. Azkenean, mozioa atzera bota zuten, eta, besteak beste, protokoloa “berrikusteko” eskatu zioten Udal Gobernuari. Gainera, Udaltzaingoaren barruan berdintasunaren arloan ematen den prestakuntza ere “indartu” egingo dela azpimarratu du.
Arantza Gonzalez Elkarrekin taldeko zinegotziak eskatu du, halaber, Gobernuak kanpoko ikerketa bat abiaraz dezala eta prestakuntza “derrigorrezkoa izan dadila eta gutxienez bi urtean behin errepikatu dadila”.
Salaketa formalik gabe
Martin Ibabe Herritarren Segurtasunerako zinegotziak berretsi du Udalak hasieratik ikerketa bat aktibatu zuela, sare sozialen bidez salaketa jaso eta berehala, nahiz eta “salaketa formalik ez egon, ez zegoen biktimarik, eta ez zen erasotzailea identifikatzen”.
Udaltzaingoak ere ikertu zuen gertatutakoa, baina salaketa ofizialik ez dagoenez, “ikerketa honek, oraingoz, ezin du aurrera egin”. “Salaketa bat dagoen unean beste egoera batean egongo gara”, gaineratu du Ibabek.