Aurkeztu dituzte Ikusmira Berriak programako zinemagile berriak

Fede Gianni, Alexandra Latishev, Kathy Mitrani, Joana Moya, Jaime Puertas Castillo eta Daniel Soares dira Ikusmira Berriak programaren hamaikagarren edizioko egoiliarrak. Martxoaren 24tik ari dira lanean Tabakalerako Zinea eta Ikus entzunezko Laborategian, Donostian. Han bertan gauzatzen ari da Ikusmira Berriak ikus entzunezko proiektuen garapenerako egonaldien programaren hamaikagarren edizioaren lehen fasea, Donostiako Zinemaldiak, Tabakalerak eta Elias Kerejeta Zine Eskolak (EKZE) antolatuta.
Laborategi horretan prentsaurrekoa eman dute gaur Maialen Beloki Zinemaldiaren zuzendariordeak, Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak eta Carlos Muguiro EKZEko zuzendari akademikoak. Agerraldian, edizio honetarako hautatutako sei zinemagileak aurkezteaz gain, online tutoretza pertsonalizatua nork emango dien ere jakinarazi da, betiere bakoitzaren beharrak eta eskaerak kontuan hartuta.
Horrela, bada, Fede Gianni italiarraren tutorea Manuel Abramovich zinemagile argentinarra izango da. Gianniren proiektua Il Cascatore / Cowboy Billi da, eta iaz Veneziako Kritikaren Astean hautatua izan zen izen bereko film laburra du oinarri; bestalde, Abramovichek argazki onenaren Epaimahaiaren Saria irabazi zuen Donostian, Ikusmira Berriak programaren barruan landutako Pornomelancolía (2022) filmarekin. Laura Citarella zuzendari eta ekoizle argentinarra izango du tutore Alexandra Latishev costarricarrak. Citarellak Trenque Lauquen (2022) aurkeztu zuen Zabaltegi-Tabakaleran, Veneziako Orizzonti sailean estreinatu ondoren, eta oraingoan Sirenas / Mermaids hirugarren film luzearekin lagunduko dio Latishevi.
Valérie Delpierre ekoizleak hainbat proiektutan parte hartu du, hala nola Estiu 1993 / Summer 1993 (2017), 20.000 especies de abejas / 20,000 species of bees (2023) edo Los destellos / Glimmers (2024), eta Joana Moya hartuko du tutoretzapean; Moya Noka programako egoiliar izan da, Kimuak programaren katalogoan sartutako Todo lo cubre la sal / Salt Covers All film laburra egin zuen eta, orain, La Koreana, un poema ferromagnético de luz y memoria / La Koreana proiektuarekin ari da buru-belarri.
Radu Jude zinemagile errumaniarrak film onenaren Urrezko Hartza irabazi zuen Berlinale zinema-jaialdian Babardeală cu bucluc sau porno balamuc / Bad Luck Banging or Loony Porn (Zabaltegi-Tabakalera, 2021) filmarekin, eta Daniel Soares portugaldarraren tutore izango da aurten; Soaresek aipamen berezia lortu zuen Canneseko film laburren lehiaketan Bad for a Moment proiektuarekin eta 900 toneladas / 900 Tons lehen film luzea landuko du egonaldian. Azkenik, Kathy Mitrani sortzailearen tutore Claudia Llosa izango da; Llosak ere irabazi zuen Urrezko Hartza Berlinalen La teta asustada / The Milk of Sorrow (2009) filmarekin, eta Donostiako Sail Ofizialeko lehian aurkeztu zuen Distancia de rescate / Fever Dream (2021) filma. Mitraniri dagokionez, Nest sailean Sombras nada más / Nothing But Shadows (2023) film laburrarekin parte hartu ondoren, orain bere lehen film luzea prestatzen ari da: La danza de las sombras / The Dance of the Shadows.
Lehen egun hauetan, zer baliabide izango dituzten ezagutzeko aukera izan dute egoiliarrek. Era berean, sarbidea doan izango dute Tabakalerako pantaila partekatuko proiekzio guztietan, Euskadiko Filmategiko zinema-aretoan eta Medialab guneko funtsetan.