Ia ehun gaztek parte hartu dute Euskara Batzordeen VI. Topaketan
Euskara indartzeko xedearekin sortutako gazte taldeak goizean bildu dira Tabakaleran.

Euskara sustatu eta erabilera indartzeko asmoa duten 14-17 urteko ehun bat gazte bildu dira gaur Tabakaleran egindako Euskara Batzordeen VI. Topaketan. 2024-2025 ikasturtean hamar ikastetxetako nerabeek parte hartu dute egitasmo honetan: Aldapeta Maria, Altza, Antigua-Luberri, Arantzazuko Ama, La Asuncion, Lauaizeta, San Luis-La Salle, Usandizaga, Zubiri-Manteo eta Zurriola ikastola. Euskara Batzorde “dinamiko eta jendetsuak” osatu dituzte aipatu ikastetxeetan eta batzorde horietako ordezkari batzuk elkartu dira goizean, festa giroan jarduera bateratuak antolatzeko.
Gazte horiek hizkuntzaren erabilera bultzatzeko eta euskararekiko sentiberatasuna sustatzeko aisialdiarekin eta gozamenarekin lotutako jarduerak gauzatu dituzte ikasturtean zehar: Kutxa jokoak aurrera eraman dituzte, ihes-jokoak sortu dituzte, euskal musikarekin loturiko zerrendak eratu eta lehiaketak antolatu dituzte eta abar.
Ikasturteko bigarren eta azken topaketa izan da, aurrekoa abenduan egin zuten. Bertan izan dira gazteentzat erreferente diren bederatzi gonbidatu: Sara Zozaia musikaria, Ainhoa Nebukai youtuber-streamerra, Maddi Ane Txoperena idazlea, Kai Nakai musikaria, Andoni Rekondo bertsolaria, Aitor Majada tiktoker eta musikaria, Peio Armendariz musikaria, Aiora Enparantza aktorea eta Iker Sanz dantzaria. Gazteekin solasean aritu dira taldeka antolatutako mahai-inguruetan, eta ondoren, gazteek prestatutako ihes jokoan parte hartu dute beraiekin. Amaitzeko, DJ Makalaren musikaz gozatu dute.