Poliziaren indarkeria, datutan: «Arrazakeria» eta «garbiketa» Donostian
Martxoaren 23an aurkeztu zuen Txago kolektiboak 2024 urteari dagokion Polizia indarkeriaren erregistroa jasotzen duen 'Karrikaratu' txostena. Datuek argi erakusten dute «arrazakeriarekin» lotutako interbentzioak nagusitu direla: jaso dituzten 156 kasuetatik, 118tan nabarmendu dute «profil arrazista».

Rosa Zarra Ertzaintzak hil zuela onartu du Eusko Jaurlaritzak. Urteak dira Jaurlaritzak berak, Ertzaintzak, eta agintean egon diren alderdi politiko guztiek ukatu egin dutela: «Berdin hilko zen, pilotakada ez jasota ere», esan zuen garaiko Segurtasun sailburu Juan Mari Atutxak. Kontu zaharra izatetik urrun, gaurkotasun handia duen gaia da. Poliziaren indarkeria ezkutatu eta defendatzeko sekulako ahaleginak eta kanpainak egiten ditu botereak.
Donostiako Txago kolektiboak argi du «behar-beharrezkoa» dela poliziaren indarkeria «desnaturalizatzea», eta, horretarako, polizia indarkeriaren erregistroa egiten dute. Iaz aurkeztu zuten lehenengo txostena, eta aurtengo martxoan aurkeztu dute Karrikaratu, bigarren lana. Hemen deskargatu daiteke.
Atal berriak gehitu dituzte, eta honakoak dira atalak: Polizia eta arrazakeria, Polizia eta bizilekua, Polizia eta militantzia, Indarkeria erreaktiboa, Polizia eta osasun mentala, eta Polizia eta armak.
Txagok salatu du Udaltzaingoa «modu oso bortitzean» ari dela erasotzen kalean daudenen etxebizitzak: «Kanpaina bat ari dira egiten»
Karrikaratu, nola jaso datuak
Azaldu dutenez, erregistro lanak hainbat pauso ditu eta parte hartzaileen erabakiari dagokio erregistroa egiteko hautatutako bidea: «Kontakizunak transkribatze edota informazioaren lanketa guk geuk egiten dugu. Elkarrizketa sakonen kasuan, parte hartzaileei birbidali eta zuzenketak egiteko aukera zabaltzen diegu. Behin dena prest dugunean, zerbitzari lokal batean gordetzen ditugu datuak. Azkenik, informazio bateratu guztiarekin Karrikaratu txostena idazten dugu urtean behin». Honela, hainbat ekintzailek urte osoan zehar indarkeriaren erregistroaren bizipenak jasotzen dituzte.
Aurten, taldea handituta, 156 kasu jaso dituzte, iazkoaren hirukoitza. «Honek ez du esan nahi iaz baino hiru aldiz indarkeria handiagoa izan denik», zehaztu du Leire Garcia kolektiboko kideak [izena asmatua da]: «Hainbat eragileren laguntza izaten dugu, eta haien araberakoa da jasotzen dugun datu kopurua». Bi irakurketa orokor egin dituzte: «Batetik, arrazakeriarekin zerikusia duten kasuak dira gehiengoak. Ez da indarkeria guztiaren errepresentazioa, baina joera bat erakusten duela argi utzi nahi dugu. Poliziaren jomugan, lehenesten dira kale egoeran dauden pertsona arrazializatuak». Bestetik, jasotako kasuen gehiengoa gizon zisak izateak ez du esan nahi Poliziaren indarkeria gizonen kontra denik: «Guk emakume eta genero disidenteen kasu kopuru esanguratsu bat jaso ez izanak ez du esan nahi horiek gertatzen ez direnik».
Egian, nabarmen
156 gertaerak denbora eta espazioan kokatu dituzte: «Alde batetik, bizipenak auzoka multzokatuz gero, agerikoa da oso era desorekatuan banatzen direla espazioan. Egia auzotik jaso dugu gertaera gehien (39) eta alde handia dago jarraian datozen Parte Zaharra, Intxaurrondo eta Erdigunearekin (18, 18 eta 17 gertaera, hurrenez hurren)».
Egian izandako datu kopuru altuek erakusten dute iaz izandako gatazka kopuru altua. «Segurtasunaren aitzakian», Poliziak «garbiketa logika bat izan duela argia da». Harrera Sareko ekintzaile batek jaso zuen polizia baten deklarazioa, Egiako Blas de Otero plazan, kale egoeran zegoen gazte migratzaile bati zuzendua: «Urtarriletik aurrera, ezingo duzue plaza honetan egon».
Garaiari dagokionean, maiatza eta ekainean gora doaz erregistroak eta, baita ere, azaroan: «Garbiketa logika bat dago, turismoaren testuinguruan. Uda aurretik eta Gabonen aurretik kanpainak daude Donostia garbitzeko».
Arrazakeriari lotuta
Jaso dituzten erregistroak «arrazakeriarekin oso lotuta» daudela ohartarazi dute: «Harrera Sarearekin harremanetan gaude, eta beraz, hortik erregistro asko datoz. Partzialak dira gure ondorioak, baina 118 dira. Joera bat ikusten da».
Garciak azaldu duenez, «kale egoeran dauden gazte arrazializatuen kontrako jarduna agerikoa da: sistematikoki kalean gelditu, identifikatu eta jazartzearen logika du Poliziak. Zentzugabekeria bat da. Arraza profilaren bidezko identifikazioak dira, erabat. Batez ere, Ertzaintza eta Udaltzaingoa dira, baina baita ere segurtasun pribatuko langileak».
Identifikazioak egiterakoan, «publiko» egitea bilatzen dela salatu dute: «Tabakalera kanpoan, bederatzi pertsona arrazializatu jartzea ilaran, galtzontzillotan, espektakulua muntatuz, alarma egoera bat sortzeko».
Gazte migratzaileak «profil baten barruan» sartzen dira, eta horren araberako jokaera du Poliziak: «Ustez ez dagozkien objektu batzuk badituzte, konfiskatu egiten zaizkie. Smartphoneak, normalean. Konfiskazio hori itzultzeko, erosketa agiria eskatzen zaie, normalean ez dugunez, ez zaie itzultzen. Kasu batzuetan, gainera, Espainiako Poliziarengana bideratu dituzte mugikorraren aitzakiapean, eta kasu batzuetan estraditatuak izan dira».
Kale egoeran daudenen etxeak
Joan den astean Manteon zeuden etxola batzuk suntsitu zituen Poliziak, eta, argitu dutenez, ohiko arazoa izan da hau. «Bizilekuei lotuta, 28 kasu jaso ditugu, horietatik 25 pertsona arrazializatuak ziren». Ondorio argia dute: «Kanpaina bat egiten ari dira etxebizitza ez tradizionalen kontra —lokal abandonatuen okupazioan, edo kale egoeran dauden pertsonek eraikitzen dituzten behin-behineko bizilekuetan—, eta Udaltzaingoa modu oso bortitzean ari dira erasotzen».
Etxebizitzetan sartzean, objektu pertsonalak haustea «eguneroko ogia» da: «Kasu batean, Korana apurtu zioten udaltzainek pertsona bati. Kalte sinbolikoa egiteko interesa dago. Gauetan sartzea, identifikazioak egitea, mehatxatzea… etengabeko jazarpena dago».
Bestetik, kanpin dendetan eta gisako egituretan egin diren erasoak daude: «Pertsonak bertan ez daudenean, beraien etxebizitzak puskatzea. Kale egoeran zegoen emakume baten testigantza jaso dugu, etxera itzuli eta bere kanpin denda eta barruan zituen gauzak txikituta topatu zituela».
Gehiegikeriek aurpegi asko dituzte. «Pertsona bera egun berean behin baino gehiagotan jazartzea, adibidez. Telefono baten konfiskazioa, eta handik hiru ordura, beste leku batean, udaltzain berak pertsona bera jipoitzea». Elkarrizketak egiterakoan, hori nabarmendu dute: «Etxeetan sartzen dira, inolako agindurik gabe, eta normaltzat jotzen dute. Poliziak nahi duena egiten duela onartua dago, eta ez dutela inolako babeserako eskubiderik».
Udaltzaingoaren papera
Txagok gogoeta egin du Donostiako Udaltzaingoaren paperaren inguruan: «Udaltzaingoak legitimitate handiagoa izan du orain arte, beste gorputz batzuekin alderatuta, baina argi erakutsi nahi dugu arrazakeriaren ikuspuntutik Udaltzaingoa egiten ari dena. Ez du espero genukeen eran jarduten, eta beste Polizien formak erreproduzitzen ari da. Sistematikoki badago jardun bat, eta batez ere, Udaltzaingoan, pertsona arrazializatuen aurkakoa».
Honela, hainbat etxe kaleratzeetan Udaltzaingoak izandako jarrera deitoratu dute: «Marrutxipiko kasuan, Udaltzaingoa izan da indarkeria handiena erabili duena. Gazte arrazializatuekin dituzten protokoloak errebisatu behar dira».
Indarkeria fisikoaz gain, hainbat mehatxu larri jaso dituzte txostenean. Gazte batzuek honakoa kontatu zuten udaltzainek kale erdian geratu zituztenekoa: «’Harrapatuko zaitut, mendira eramango zaitut eta hil egingo zaitut’. (…) Bai. Esan dit, (…), ‘hiruak hartuko ditut eta mendira eramango ditut’, hiruak hilko ditu».
Segurtasuna aitzaki
Poliziak ez dituela lege hauste guztiak berdin tratatzen gauza jakina da. Semaforoa gorriz pasatzea, lan hitzarmena betetzen ez duten enpresariak zelatatzea, edota ingurumenaren kontrako delituak ez ditu berdin tratatzen Poliziak. Delinkuentziaren hitzaren inguruan gogoeta egin dute Txagoko kideek: «Gizarte moduan legitimatu egiten dira interbentzio batzuk, delinkuentziaren ideiaren arabera. Delinkuentzia ez den kasuetan ere erabiltzen da. Poliziaren jarduera bera horretara dago bideratuta».
Donostiako Poliziaren indarkeria «segurtasunaren izenean justifikatu» ohi dela uste dute Txagokoek: «Poliziaren presentzia, azken urteetan esponentzialki hazi den gastu publikoa eta, are, baita indarkeria poliziala bera ere. Halaber, segurtasunaren izenean hauspotu dira diskurtso erreakzionario, arrazista eta faxistak. Instituzio eta hedabideetatik hasita, sare sozial eta kale mailara heltzeraino –horratx, LQNTCDD taldea».
Egian izandako datuek erakusten dute iaz izandako gatazka: «Segurtasunaren aitzakian», Poliziak «garbiketa logika bat izan duela argia da»
Taldeak salatu duenez, ordea, «datuek ez dute hori babesten»: «Presentzia poliziala areagotzeak ez dakar ezinbestean diskurtso horiek bolo-bolo darabilten ‘delinkuentzia tasa’ delako hori jaistea. Hori, kontuan izan gabe delinkuentzia zifrak ere Poliziaren beraren jardunaren menpekoak direla».
Segurtasunaren eta delinkuentziaren datuekin dagoen arazoa jarri dute mahai gainean. Delinkuentziaren datuak, orokorrean, Poliziaren interbentzioen datuak dira, eta ez alderantziz. Adibidez, Martin Ibabe zinegotziak zioen 600 interbentzio egin zituela Poliziak, hilabetean, Kaleko Afari Solidarioen aurkako gatazkaz ari zenean: ez zen delituez hitz egiten ari, Poliziaren jardueraz baizik.
«Egian polizia gehiago dagoenetik delinkuentzia tasa jaitsi da? Bizilagunen pertzepzioa da ezetz. Poliziak zer dio? Delitu gehiago jaso badituzte esango, dute haien lanari esker identifikatu direla; delitu gutxiago badaude, esango dute haien presentziagatik izan dela. Poliziak berak sortzen ditu datuak eta ondorioak».
Honela, Txagok kontzientzia piztu nahi du Poliziaren esku hartzeen inguruan: «Propaganda izugarria dago, eta Poliziak modu bortitzean jarduten duenean, gizarteak ez du erantzuten. Txago horretarako da, naturalizazio hori desmuntatzeko tresna bat». Giza eskubideak eskatzen dituztenentzat gutxieneko bat beharko lukeena, alegia.