Bera Berak denboraldia borobildu nahi du
Zuazoren kontrako euskal derbia irabazita, Donostiako eskubaloi taldea sailkapenean gora begira jarri da.

Hiru neurketa falta dira orain ligako fase erregularra bukatzeko. Azken egunotan bi jokatu ditu Bera Berak, eta biak irabazi ditu. Larunbatean, Zuazoren aurkako euskal derbia jokatu zuen Barakaldon, eta bigarren zatian bideratu zuen garaipena (28-35). Etxekoak azken sailkatuak izanik ere, ez zieten erraztasunik eman donostiarrei. Horrela ere, azken minutuetan agerian geratu zen bi taldeen arteko aldea. Bera Bera sailkapeneko hirugarren tokian egonkortu da, eta Malaga bigarrena gertuago dute orain. Aldiz, Guardes liderrak sendo jarraitzen du.
Futbolean, Realak hiru puntu baino gehiago eskuratu zituen atzo, Las Palmasen zelaian irabazita (1-3). Europara sailkatzeko urrats garrantzitsua egin zuten, jardunaldiko emaitzak txuri-urdinen interesen aldekoak izan zirelako. Mikel Oiartzabal kapitainak —lau gol azken hiru partidetan—, Sergio Gomezek eta Jon Mikel Aramburuk —lehendabizikoa ligan— egin zituzten golak. Garaipenari esker, sailkapeneko zortzigarren postuan daude 41 punturekin, bi puntura dute zazpigarren tokia eta zazpira seigarrena.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek ligako azken partidan lortu beharko du desio duen hamargarren garaipena. Murtzian jokatu zuten atzo Jairisen kontra, eta galdu egin zuten (73-54). Azken aukera, apirilaren 19an izango dute, Lugoko Ensinoren kantxan. Bestalde, Gipuzkoa Basketek bikain gainditu zuen Burgos liderra Illunben (90-69). Mikel Odriozolaren mutilek tarteka erakusten dute maila dutela gora igotzeko kanporaketak jokatzeko. Burgos gisako talde indartsu bati irabaztea lagungarria izango da sailkapeneko zortzigarren eta bederatzigarren postuen lehian sartzeko. Gogoratu behar da ACB ligara igotzeko kanporaketa bigarren postutik bederatzigarren postura bitarteko taldeek jokatzen dutela.
Belar hockeyan, Realak amore eman zuen kopako txapeldunen kontra, beraien etxean. Egara kataluniarrak hobeak izan ziren ligako partidan ere (4-0). Sailkapenean postu bat behera egin dute porrotarengatik —zazpigarren tokian daude orain—, eta gora egiteko aukera on bat izango dute asteburuan Zubietan, Sardineroren aurka.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko mutilek agur esan diote Espainiako Kopari. Horrela ere, mila eman zuten final-laurdenetako bigarren eta azken partidan. Majadahondak estu hartu behar izan zituen donostiarrak finalerdietara sailkatzeko (5-3).
EMAITZAK
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko liga, 23. jardunaldia
- Zuazo 28 – Bera Bera 35
Futbola
Gizonezkoen liga, 30. jardunaldia
- Las Palmas 1 – Reala 3
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 28. jardunaldia
- Jairis 73 – Ibaeta Basket 54
Gizonezkoen bigarren maila, 28. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket 90 – Burgos 69
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko liga, 15. jardunaldia
- Egara 4 – Reala 0
Izotz hockeya
Gizonezkoen Espainiako Kopa, final-laurdenak
- Majadahonda 5 – Txuri Urdin 3