Beste bost greba egun egingo dituzte Gizarte Ekintzako langileek

Martxoan bi orduko lau lanuzte eta martxoaren 27an greba egun bat egin ondoren, Donostiako Gizarte Ekintza Saileko langileek beste bost greba egun iragarri dituzte. ELA sindikatuak jakinarazi duenez, hiriko gizarte zerbitzuetako zentroak itxita egongo dira apirilaren 10ean, 11n, 28an, 29an eta 30ean, eta Abegi etxeak gutxieneko zerbitzua eskainiko du.
Donostiak Udalak zerbitzua hobetu ezean, mobilizazioak egingo zituztela adierazi zuten langileek. Horrela, bi orduko lau lanuzte egin zituzten martxoan, eta greba egun bat, pasa den martxoaren 27an. ELAk dio Maria Jesus Idoeta zinegotziak zuzentzen duen sailak gatazkari irtenbidea emateko mugimendurik ez duela egin.
“Langileak muga mugan daude. Ezinezkoa da sufritzen ari diren lan kargen igoerarekin langile berdinekin lan egiten jarraitzea. Langileek eskatzen dute profesionalen araberako arreta ratioa murriztea eta lan taldea handitzea eremu guztietan (administrazioa, gizarte langileak, hezkuntza, psikologia, talde teknikoa…). Gainera, egiturazko eta antolakuntzako beharren azterketa aldarrikatzen dute, dagozkion neurriak aplikatu ahal izateko. Lan poltsak sortzea proposatu dute, eta lan taldearen egonkortasuna eta jarraitutasuna bermatzeko neurriak hartzeko eskatu dute”, azaldu du sindikatuak.
Udalak lan gatazkari irtenbidea eman ezean, greba egun gehiago egingo dituztela nabarmendu du ELAk.