Jesus Carralero fitxatu du Gipuzkoa Basketek
Malagako jokalariak Lucas N'Guessan herbeheretarraren hutsunea beteko du sasoi bukaera bitarte.

Gipuzkoa Basketek Burgos liderra menderatu ostean, ACB ligara igotzeko kanporaketak jokatu nahi ditu. Hori dela eta, min hartuta dagoen Lucas N’Guessan herbeheretarraren hutsunea betetzea erabaki dute. Jesus Carralero andaluziarra ekarri dute haren lekua hartzeko, denboraldia bukatu bitarte.
Unicajaren harrobikoa da Carralero, eta urteak eman ditu AEBetako Unibertsitateen Ligan jokatzen. Campbell Fighting Camelsen lau denboraldi aritu da. Aldiz, Missouri Tigersen eta Bethune-Cookman Wildcatsen egin ditu azken bi sasoiak. Martxoan bere markarik onena lortu zuen NCAAn hiruko bikoitz batekin: 10 puntu, 10 errebote eta 10 asistentzia.
Gainera, Matematikan lizentziatua da andaluziarra, eta datu-baseen administrazioan masterra du.