Sei milioi euro erabiliko ditu udalak, berrikuntzaren estrategian sakontzeko
Zientziaren eta berrikuntzaren hiriaren norabidean, 2025eko Berrikuntza PLana aurkeztu du Donostia Sustapenak, inoizko aurrekonturik handienarekin.

Hirian zientziaren eta berrikuntzaren arloan diharduten 40 eragile eta enpresetako goi kargu eta agintariekin batera, Donostiako Udalak, Donostia Sustapenaren bidez, aurkeztu du 2025eko Berrikuntza Plana zertan datzan. Eta, batez ere,, zenbat diru erabiliko den: sei milioi euro izango ditu aurtengo aurrekontuak, iaz baino %4 gehiago.
Donostiar bakoitzaren poltsikotik 31 euro inguru erabiliko dira berrikuntza estrategiarako, EAEn erabiltzen denaren bikoitza eta Madril eta Londres gisako hirietan erabiltzen den hirukoitza. Iñigo Olaizola sustapeneko zuzendariak eman ditu xehetasunak, eta bertako enpresariei “ekipo” beraren parte direla ziurtatu die: “Azken urteotako estrategiak bere fruituak eman ditu; geure gastronomiaz gain, nazioartean ezagutzen gaituzte zientzia garatzeko gune gisa”.
Hiriaren baldintza ekonomikoak hobetu direla ziurtatu duen arren, “atzerriko talentua erakartzeko” erronka nagusia jarri du lehentasuntzat Olaizolak: “Berrikuntza estrategia ona dugu, baina ezin dugu geldirik egon. Nazioarteko lehiakortasuna ikaragarria baita”. Zentzu horretan, Eskusaitzeta eta Miramongo teknologia parkeetan dauden enpresa handiei egin die erreferentzia (Biotech Foods, Viralgen eta beste), eta Donostia Sustapenak “bide-laguntza eskainiko” diela ziurtatu du.
Honela, sei ekintza lerro izango ditu Sustapenak 2025erako: Udal berrikuntza publikoa bukatzea, hiria ekintzailetza nodo berritzaile gisa sustatzea, Donostia zientziaren hiri eta berrikuntza plataforma gisa bultzatzea, Berrikuntza aukera berriak sustatzea hiri ekonomiaren eremuan, gazte talentuaren garapen profesionaleko proiektuak bultzatzea eta hiria berrikuntza zentro gisa nazioartean kokatzea.
Udal berrikuntza publikoa bultzatzea
2025ean, “hiri eraldaketarako irtenbide berritzaile eta jasangarriak ezartzea ahalbidetuko duten azterlan eta proiektuen garapenean” proiektu berritzaileak egiten jarraituko dutela aurreikusi dute: “Aurten, beste ekimen batzuen artean, lan egingo da 27. Poligonoan edo Ekialdeko Barrutian berrikuntza aukerak identifikatzeko, Udal sozietateak proposatutako hiri erronken lehiaketatik eratorritako proiektuak bultzatzeko, erosketa publiko berritzailea bultzatzeko edo Europako finantzaketa deialdien bidez baliabideak bilatzeko”.
Hiria ekintzailetza nodo berritzaile gisa sustatzea
Helburua “proiektu berritzaileen kopurua handitzea” izango da, “ekosistemako eragileak dinamizatuz eta hiria ekintzailetzarako aukera gune gisa indartuz”. 2025ean, nabarmentzekoak dira EKINN Summit ekimenaren edizio berritua, EKINN+ start upak bizkortzeko programaren edizio berria, inbertsioaren, talentuaren eta merkatuen eremuan zerbitzu berriak txertatuko dituena, edo emakumeen ekintzailetza sustatuko duten programa berriak abian jartzea.
Donostia zientziaren hiri eta berrikuntza plataforma gisa bultzatzea
Helburua “ikerketari eta berrikuntzari lotutako ekimenen kopurua sendotzen eta indartzen laguntzea” izango da, “talentua eta enpresetarako transferentzia teknologikoa garatuz eta aukera-sektoreak bultzatuz, funtsezko eragileekin lankidetzan”. Nazioartean, San Sebastian Science Society (SSSS) marka garatzea, honako hauek erakusteko: “eragin soziala duen eragin sozialaren aldeko apustua zientziaren eta berrikuntzaren eremuan; adimen artifiziala garatzera bideratutako proiektuak abiaraztea; eta ezagutzako enpresa intentsiboak (SEIC) indartzea erraztuko duten zerbitzuak eta programak antolatzea, biozientzietan arreta berezia jarrita. Izan ere, PIA eraikina zerbitzu aurreratuetako enpresen (SEIC) erreferentziazko espazio bihurtuko da, sektore horietako enpresen ekosistema dinamizatzeko espazio eta zerbitzuen proposamen berriekin”.
Berrikuntza aukera berriak sustatzea hiri ekonomiaren eremuan
Zerbitzu, programa eta laguntza ekonomiko berriak jarriko dira, lehiakortasuna hobetzeko, merkataritza edo ostalaritza bezalako sektore tradizionalen berrikuntza bultzatzeko, belaunaldien arteko erreleboa bultzatzeko eta berrikuntza, digitalizazioa eta jasangarritasuna bultzatzeko. Urtean zehar, merkataritzarako Tokiko Ekintza Plan bat definituko da, EKINN DENDAK bezalako programak garatzeaz gain, merkataritza-ekimen berritzaileetarako espazioak eta lokalak emanez, edo EKINN+ GASTRO, sektore gastronomikoan belaunaldien arteko erreleboa eta talentuaren aldeko apustua erraztuko duena.
Gastronomiaz gain, hiriak bestelako ildoak garatu behar dituen arren, gastronomiaren garrantzia nabarmendu du Olaizolak: “Michelin izar bat galduko bagenu, katastrofe bat litzateke hiriarentzat”.
Gazte talentuaren garapen profesionaleko proiektuak bultzatzea
Olaizolak azaldu duenez, gazteekin duten harremana indartu behar dute. “Hiriko gazteekin lankidetza, elkarrizketa eta inspirazio guneak sortzea izango da 2025. urteko zeharkako lanaren ardatza. Topaketen eta ekitaldien bidez konektatuko da, eta ekimen berritzaileei lagunduko zaie, EKINN eta Talent House eraikinetan aholkularitza, laguntza ekonomikoak eta ostatua emanez. Helburua hiriko gazteentzat ekimenen eragile izatea da”.
Donostiako Sustapenak berrikuntzarekin eta STEAM bokazioak sortzearekin lotutako jardueren aldeko apustua egingo du, TECNUN-ekin berriki sinatutako katedraren esparruko ekimenen bidez. Horiei esker, ikasleek Adimen Artifizialarekin duten kontaktua erraztuko da eta Donostian duten eragin soziala aztertuko da.