Avanza Gipuzkoako langileek greba egingo dute Aste Santuan
Hilaren 16ko 02:00etatik hilaren 22ko 02:00etara bitartean zerbitzu minimoak bakarrik egingo dituzte.

Avanza Gipuzkoako langile batzordeak agerraldia egin du eguerdian Egiako autobus geltokian beren egoeraren eta datozen egunetan aurrera eramango dituzten ekintzen berri emateko. Lan baldintzak eta lan hitzarmena salatu dituzte, eta lanaldiari dagokionean akordio bat erdiesteko enpresak duen “borondate eza” eta Aldundiaren babesa duela ikusita, ELA, Aurrera eta LAB sindikatuek Aste Santuan greba egitea erabaki dute. Hala, hilaren 16ko 02:00etatik hilaren 22ko 02:00etara bitartean etengo dute zerbitzua.
Data horiek aukeratu dituzte, “hegazkin pilotuek Aste Santua edo Gabonak aukeratzen dituzten arrazoi beragatik: zalaparta, eta esatea gustuko ez bazaigu ere, min gehien ere egin dezakegunean; ea horrela aldundiak edo norbaitek zerbait egiten duen”, Jose Manuel Lopez Enpresa Batzordeko burua. “Jendea konturatu dadin nola gauden”, gehitu du LABeko Iker Elbustok. Hiriburuen arteko loturak, Loiuko aireportura zerbitzua, Arrasate eta Debagoienakoa… Aldundiak ezarriko dituen zerbitzu minimoen arabera jakingo dute zein izango den erabilgarri.
ELA, Aurrera eta LAB sindikatuek osatzen dute 250 bat langileko lantaldearen batzordea. Aldarrikapenen artean, ordu murrizketa, behin-behinekotasunarekin amaitzea, flotaren hobetzea edota hitzarmena berritzea nahi dute. Berriki salatu dute Lan Ikuskaritzan emakida horretako gidarien gehiegizko lanaldiak, izan ere, hitzarmenean jasotako urteko 1.650 gidatze orduei urtean beste 200 bat ordu gehitzen zaizkie zenbaitetan, “toma y deje“-ari dagokion orduak. Horrela, urtean guztira 1.870 lanordu batu ditzakete zenbait kasutan. Ikuskaritzak lanaldiari buruz negoziatzeko eskatu die aldeei, baina, gaur, hemezortzi eguneko grebaren ondoren, enpresak urtean hamar orduko murrizketa besterik ez die eskaini eta Batzordearen arabera, proposamen hori “guztiz onartezina” da. Bestalde, ikuskaritzak, jada esleitutako grafikoak aldatzeko eskatu dio enpresari, baina “gaur-gaurkoz” ez du inolako aldaketarik egin zentzu horretan.
Aldundiari eskaera
Hori horrela, ea jada iraungita dagoen emakidarekin, langileei jakinarazi diete emakida beste bost urtez luzatu dutela. Batzordeak “onartezintzat” jo du aldundiaren jarrera, izan ere, erabaki horrekin enpresa “saritzen” ari da, eta lanaldiaren erregulazioaren arloko gutxienekoak urratzen jarraitzeko aukera ematen dio.
Gainera, salatu dute Avanza enpresak Lurradebusen emakida hori kudeatzen duenetik, “flotak okerrera egin duela une oro”, eta lan baldintzak behar baino gutxiago hobetzen ari direla, beti ere, grebek bultzatuta. Avanza enpresako langileek garraio publikoaren kostuaren murrizketa txalotu dute, eta herritar guztientzako doako eta kalitatezko garraio baten aldeko apustua egiten dutela baieztatu, baina nabarmendu dute hori ezin dela “lan balditzen eta flotaren narriaduraren kontura”. izan.
Horregatik guztiagatik, aldundiari eskatu diote Aste Santurako deitutako sei egunak bete ondoen 24 eguneko greba pilatuko duen gatazkari irtenbidea emateko. Era berean, ohartarazi dute udan greba mugagabea hasteko aukera dagoela, “adierazitako arazoei irtenbidea emateko gai ez badira”.