«Ezezkoaren klubaren beste agerraldi baten aurrean gaude»
Eneko Goia alkateak kritikatu egin du Bizilagunekin plataformak eta sei auzo elkartek FIFAri bidalitako gutuna.

Anoeta Munduko Futbol Txapelketako egoitza izatearen erabakia atzera botatzeko eskatu diote FIFAri, Bizilagunekin desazkunde turistikoaren aldeko plataformak eta auzoko hiriko sei auzo elkartek: Parte Zaharrean Bizi, IZBE (Intxaurrondo), Heriz plataforma (Antigua), Egia Bizirik, Uliako Auzo Elkartea eta Herripe (Herrera). Horren aurrean, Eneko Goia alkatea oso kritiko agertu da gaur, Tokiko Gobernu Batzorde osteko prentsa agerraldian.
“Ezezkoaren klubaren beste agerraldi baten aurrean gaude. Egia esan, ilusio sortu beharko lukeen apustu baten baten aurrean, horrelako jarrerak egotea ulertezina iruditzen zait”, adierazi du alkateak. “Jarrera horrekin, Donostiak ez luke Behobia-Donostiarik, Zinemaldirik eta Donosti Cup txapelketarik izango, … Hiri honek horrelako gauzak antolatzeko gaitasuna duela erakustea, harro egoteko modukoa izan beharko litzateke”.
Bizilagunekin plataformak eta sei auzo elkarteek gutun bat bidali diote FIFAri, “hiriko bizilagun elkarteen, herri mugimenduen eta biztanleen artean kezka sortu duen izendapena da, kezkatzeko arrazoiak nabarmenak baitira”.