Parte Zaharreko eta kaiko plan berezia Aste Santuaren ondoren onartu nahi du udalak

Tokiko Gobernu Batzordeko gaurko gai zerrendatik kanpo geratu da Parte Zaharreko eta kaiko plan bereziaren espedientea. Hasiera batean, pasa den astearteko batzordean eman behar zioten hasierako onarpena, baina bigarrenez atzeratu da. Udaleko iturrien arabera, txosten bat edo beste falta da espedientea onartzeko. Horrela, Aste Santuaren ondoren onartzea espero du udal gobernuak.
Hain zuzen ere, Eneko Goia alkateak martxoa bukaeran adierazi zuenez, apirilerako onartu nahi dute Parte Zaharreko eta kaiko plan berezia. Txosten batzuk falta direnez, baliteke zertxobait gehiago atzeratzea.
Bitartean, kaiko 7. eta 8. atarietako bizilagunek zain jarraitzen dute. Azken asteotan, bizi duten egoerari irtenbide bat emateko eskatu diete erakundeei. Udalak prest agertu da bizilagunei laguntzeko, eta nabarmendu dute arazoari konponbidea emateko Parte Zaharreko eta kaiko plan berezia onartu behar dutela.