Partida irauli nahian
Historian zehar, kirola gizonezkoekin lotu izan da gehiago, emakumezkoekin baino. Gaur egun, gero eta emakumezko kirolari gehiago egiten ari dira ezagun, baina oraindik ere asko dago egiteko.

Kirolaren munduan buru-belarri dabiltza, hain zuzen, IRUTXULOKO HITZAk bere hogeigarren urteurrenaren bueltan antolatutako emakume kirolarien bizipenen eta aliantzen inguruko mahai inguruan parte hartu zuten lau emakumeak: Miriam Arrillaga (Aginaga, 2000) pilotaria, Esther Arrojeria (Usurbil, 1994) Bera Berako eskubaloi jokalaria, Garbiñe Etxeberria (Hernani, 1967) Realeko emakumeen saileko kirol zuzendaria eta Xubane Uribarrena (Trintxerpe, 1999) Donostia Arraun Lagunak-eko arraunlaria. Amets Castrejana ikertzaile eta kirol arloko berdintasun aholkulariak gidatu zuen hizketaldia. Donostiako Udaleko Berdintasun Sailak eta Laboral Kutxak babestu zuten ekitaldia, eta, hain zuzen ere, Ane Oiarbide Berdintasun zinegotziak eta Nuria Agirre Laboral Kutxako Pertsonen Zuzendariak hartu zuten hitza hasieran, Andrea Bosch IRUTXULOKO HITZAko kazetariaren ondoren, mahai ingurua aurkezteko.
Arrillaga, Arrojeria, Etxeberria eta Uribarrena txikitatik ibili izan dira kirolean, hasiera batean, mutil artean. Arrillagak pilotan jokatzeari uko egin behar izan zion, hain zuzen, neska talderik ez zegoelako, eta Etxeberria kirolean hasi zenean “gaizki ikusita zeuden” futbolean aritzen ziren emakumeak. Hasieran, gustuko zuten kirola praktikatzea ez zen erraza izan laukotearentzat, are gehiago emakumezko erreferente falta nabaria izanik; Roberto Lopez Ufarte edota Abel Barriola ziren Etxeberriak eta Arrillagak miresten zituzten kirolariak. Gizonezkoetatik haratago, baina, ezer gutxi.
Arrillagak pilotan jokatzeari uko egin behar izan zion, hain zuzen, neska talderik ez zegoelako, eta Etxeberria kirolean hasi zenean “gaizki ikusita zeuden” futbolean aritzen ziren emakumeak
Taldekideak edota haien entrenatzaileak bilakatu ziren, hala, lau kideen erreferente. Uribarrenaren kasuan, esaterako, arraunean hasi zenean, hamaika urte besterik ez zituen. Eta bere erreferenteak 18 urteko emakumezko taldekideak baino ezin ziren izan. Arrojeriaren kasuan ere, eskubaloian hasi baino lehen, inor ezagutzen ez zuenez, taldeko kideak bihurtu ziren erreferente, baita entrenatzaile gisa izan zuen Eider Rubio eskubaloi jokalaria ere.
Erreferente gutxi izanagatik, pixkanaka nork bere lekua egin du. Dagoen tokira “erabaki txikiak hartuta” iritsi dela dio Arrojeriak; 23 titulu lortu ditu jada taldearekin, hamahiru denboralditan. Etxeberriak bere ibilbidean sari andana eskuratu du, bai jokalari moduan, bai kirol zuzendari gisa. Arrillaga Europako Frontball Txapelketan txapelduna izan zen 2021ean, eta Uribarrenak, 2024an, Kontxako Bandera irabazi zuen bere taldearekin batera. Lorpen horiek guztiek profesionaltasunerako bidea zabal dezakete, hain dira ikusgarriak.
Arrillagak, ordea, ez du bere burua profesional gisa irudikatzen, ezpada afizionatu gisa. Egia da, egia denez, haurrek gero eta argazki gehiago eskatzen dizkiotela, baina horrek ez dakar, berez, profesionaltasuna. Uribarrena maiz harrituta geratu izan da norbaitek erreferentziatzat jo izan duenean. Arrojeriaren kasuan, Bera Bera taldeak 2022-2023ko denboraldian irabazi zuen Espainiako Erreginaren Kopa, eta geroztik autografo gehiago eskatu izan dizkiote.
Uribarrenak 4.000 euro kobratu zituen iaz lehen aldiz, Euskotren Liga, Espainiako Liga, Gipuzkoako Txapelketa, Kontxako Bandera eta Zarauzko Ikurrina eskuratu ondoren
Erreferente eta profesional bilakatzeak, aldiz, ez du soldaten igoera egonkorra ekarri kirol guztietan. Futbolean eta eskubaloian ordainpeko kontratuak izan badituzte, baina arraunean eta pilotan egoera ez da berbera. Arrillagak eta Uribarrenak badakite oraingoz ezin direla bizi soilik kiroletik. Pilotariaren kasuan, kobratzen duena ere ez da nahikoa. Partida bakoitzeko zenbateko bera jasotzen du, edonon dela ere: bidesariak eta gasolina… nork bere patrikatik.
Uribarrenak 4.000 euro kobratu zituen iaz lehen aldiz, Euskotren Liga, Espainiako Liga, Gipuzkoako Txapelketa, Kontxako Bandera eta Zarauzko Ikurrina eskuratu ondoren. “Profesional gisa entrenatzen dugu, hori eskatzen baitigute. Jasotzen dugun errekonozimendua, ordea, ez da profesionala”, dio: “Hamaika hilabetez, astean sei egunez eta eguneko, gutxienez, hiru orduz entrenatzen dugu. Hainbat txapelketa irabazi arren, ez dugu pisu txiki bat ordaintzeko adina irabazten”.
Dena ez da dirua
Pilotan eta Realak futbolean galtza zuriak erabiltzen dituzte partidak jokatzean. Tontakeria dirudi, baina horrek urduritzen ditu jokalariak, batik bat, hilekoa badute. Gai tabu bat, zenbait kiroletan: “Hanketako mina dugunean, entrenatzaileari esaten diogu. Hilekoaren ondorioz ezinegona dugunean, ordea, ez”, dio Arrojeriak.
Izan ere, talde teknikoko langileak, oro har, mutilak izaten dira, eta “ez dute emakumeen ikuspegi bera”. Realak “detailea” izan du horren harira, jokalarien galtza zurien azpitik kapa gehigarria jarri baitu, hilekoak sortutako orbanak estaltzeko eta kirolariak erosoago sentitzeko; Etxeberriak erabakia txalotu du.
“Hanketako mina dugunean, entrenatzaileari esaten diogu. Hilekoaren ondorioz ezinegona dugunean, ordea, ez”, dio Arrojeriak
Horretaz haratago, “emakumezkoen beharrak identifikatzeko”, hain zuzen, emakumezkoak behar direla azaldu dute kirolariek. Izan ere, kirolaren sektorea “oso begirada maskulinotik” garatu da, orain arte: futbol jardueretan, gehienbat, gizonek parte hartzen dutela azaldu du Etxeberriak. Uribarrenak gehitu du arraunean emakumeek gizonen gorpuzkerarako sortutako traineruak erabiltzen dituztela: “Horren harira, lesioak sortzen dira”.
Hori dela eta, mahai inguruko kideek uste dute garrantzitsua dela emakumezko gehiago izatea entrenatzaile, kirol kudeatzaile edota bestelako kirol esparruko langile, emakumezkoen kirolak behingoz merezi duen tokia izan dezan.





















