Kontxako Bandera Donostia Arraun Lagunakena da
Irabazi ez ezik, erakustaldia ere eman du gaurkoan Donostia Arraun Lagunakek, beste behin ere. Laugarren kaletik abiatuta, nagusitasun handiz aritu dira arraunean, eta 10:36.30eko denbora eginda helmugaratu dira, klubaren historiako hirugarren Kontxako Bandera eskuratzeko; bigarrena jarraian.
Denboraldi bikaina egin dute Martutenekoek, bandera guztiak irabazita, eta Kontxako Banderarekin borobildu dute egindako lana. Hoberenak izan ziren sailkatze estropadan, joan den igandean baita ere eta, alde polita bazuten ere, gaurkoan ez dira espekulatzera atera, txanda irabaztera baizik. Historia idazten jarraitzen dute, eta ez dirudi oraindik goia jo dutenik. Aipamen berezia merezi du Juan Mari Etxabe entrenatzaileak, gaurkoarekin hamabi baitira orain arte irabazi dituen Kontxako Banderak.
Donostiarra ere ez da makal ibili, bigarren helmugaratu baita ohorezko txandan, Donostia Arraun Lagunaketik sei segundo pasatxora; egun ona izan da gaurkoa Donostiako arraunarentzat.
Tolosaldea iritsi da ondoren ia hamar segundora eta Orio azkenik, hamabi segundo eta erdira. Aurretik, kontsolazio txandan, Astillero izan da azkarrena eta atzetik izan ditu Kaiku, Chapela eta Hibaika.
Jarraian, 2024ko emakumezkoen Kontxako Banderako sailkapen orokorra, bi jardunaldietako denborak batuta:
1. Donostia Arraun Lagunak 21:04.42
2. Donostiarra 21:25.08 (+20.66)
3. Orio 21:25.72 (+21.30)
4. Tolosaldea 21:26.60 (+22.18)
5. Astillero 21:45.10 (+40.68)
6. Chapela 21:56.08 (+51.66)
7. Kaiku 22:02.00 (+57.58)
8. Hibaika 22:17.14 (+1:12.72)