Terrazen ordenantza aldatzeko proposamena aurkeztu du udal gobernuak
Duela hamaika urte onarturiko araudia eguneratzea eta egokitzea du helburu. Urte bukaerarako ordenantza berria onartzea aurreikusten du udalak.

Donostiako Udal Gobernuak terrazen ordenantza aldatzeko prozesua abiatu du. Gaur egungoa 2014. urtetik indarrean dago, eta araudia eguneratzeko eta berritzeko proposamenari hasierako onarpena eman diote. Terrazen ordenantzak hiriko ostalaritzako jabari publikoko eta erabilera publikoko lurzoruen okupazioak arautzen ditu.
Ordenantza aldatzeko prozesuan 39 proposamen orokor jaso ditu udalak, eta hiru zehatzagoak. Adegi Hoteles erakundeak, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak eta Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak aurkeztu dituzte, besteak beste.
Tokiko Gobernu Batzordeak hasierako onarpena eman ondoren, epe bat ireki dute udal taldeek zuzenketak aurkezteko. Horiek baloratu egingo dituzte, udalbatzarrera eramango den dokumentuan txertatzeko. Horren ostean, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da ordenantza, eta horrekin batera, epe bat egongo da alegazioak aurkezteko. Dena dela, udalbatzarrera eraman beharko dute berriz ere, behin betiko onartzeko. Tramitazioak sei hilabete inguru iraun dezakeela adierazi du Eneko Goia alkateak, eta, beraz, urte bukaerarako onartzea aurreikusten dute.
“Indarrean dagoen ordenantza errealitate eta premia berrietara egokitzen saiatu gara. Azken hilabeteetan prozesu bat egin dugu horretarako: proposamenak jaso ditugu, aldeei entzun diegu eta sektorearen, auzotarren eta hainbat elkarteren planteamenduak entzun ditugu. Prozesu hori amaitzear dago momentu honetan. Udal zerbitzu tekniko eta juridikoek urte erdi baino gehiago eman dute buru-belarri lanean, eta horiek guztiek egindako ahalegina azpimarratu nahi dut”, azaldu du Goiak.
Bost terraza mota
Udal gobernuaren proposamenak bost terraza mota bereizten ditu:
- 0. mota: establezimenduaren fatxadari itsatsitako mahai altuak dira. Parte Zaharreko oinezkoentzako kaleetarako terraza mota da hau. Mota honetan, 5 metro baino gutxiagoko zabalera duten kaleetan dauden terrazak bereizten dira. Kasu horretan, fatxadari itsatsitako mahai altuak baino ez dituzte izango terrazek, tabureterik gabe. 5 metro baino gehiagoko zabalerako kaleetan, mahai altuei bi taburete gehitu ahal izango zaizkie.
- 1. mota: Ohiko terrazak dira, aulkiak eta mahaiak dituztenak, eta eguzkitakoak jartzeko aukera ere egongo da, baldin eta irekita 9 metro koadro baino gehiago okupatzen ez badute; era berean, alboko hormatxo mugikorrak ere jarri ahal izango dira terraza horietan, haize babes gisa, eta eguneroko jarduera amaitzean, gorde egin beharko dira.
- 2. mota: Espazioa mugatzekoak ez diren egiturak dituzten terrazak. 1. motarekin alderatuta, ezberdintasuna da laneguna amaitzean, terraza horietako elementuren batek bide publikoan geratu behar duela, ezin delako gorde.
- 3. mota: Espazioa mugatzekoak diren egiturak dituzten terrazak.
- 4. mota: Esparru itxiak. Ordenantzan mantentzen dira, baina 6 metro baino gehiagoko zabalera duten espaloietan bakarrik baimenduko dira, betiere larrialdi irteeretan, ibietan, zabor edukiontzietarako espazioetan, autobus geltokietan edo mugikortasun urriko pertsonentzako plazetan sartzen ez badira. Esparru horietan, itxiak direnez, berogailuak jarri ahal izango dira. Aipatu behar da esparru itxiak espazio publikoko emakidak direla, eta Udalaren Ondare Zerbitzuak zehaztuko dituela horiek.
Bi denboraldi terrazentzat
Ordenantzaren beste aldaketa “garrantzitsuetako” bat terrazen erabilera bi denboralditan banatzea dela nabarmendu du alkateak. Urteko denboraldia da gehienek erabiltzen dutena —establezimenduen %95ek—, eta ezarritako ordutegia orain artekoa izango da. Udan, 23:00ak arte igandetik ostegunera, eta 01:00ak arte ostiraletan, larunbatetan eta jaiegunen bezperetan. Denboraldiko gainerako egunetan, 22:30ak arte igandetik ostegunera eta 00:00ak arte ostiraletan, larunbatetan eta jaiegunen bezperetan.
Udako denboraldia, berriz, Aste Santutik urriaren 15era bitartekoa izango da. Kasu honetan, ordutegia ordubete murriztea proposatu dute: 23:00ak arte igandetik ostegunera, eta 01:00ak arte ostiraletan, larunbatetan eta jai-bezperetan.
Terrazaren gutxieneko zabalera 3 metrokoa izango da, eta establezimenduaren fatxadaren %100era arte handitu ahal izango da luzera, gehienez ere 15 metrora arte. Kontuan izan behar da terrazaren guztizko okupazioak ezin duela 100 metro koadrotik gorakoa izan, eta ez duela hurbileko beste lokal baten terrazaren espazioa oztopatu behar.
Ordenantza berriak aurreikusten duen beste aldaketa bat da gas berogailuak edo berogailu elektrikoak debekatzea, atmosferara isuri kutsatzaileak askatzen dituztelako. Horrek esan nahi du gaur egun horrelako gailuak jartzeko baimena duten terrazek horiek erabiltzen jarraitu ahal izango dutela lizentzia iraungi arte, eta, behin lizentzia iraungita, kendu egin beharko dituztela. Era berean, ez dago baimenduta terrazetan kartelak jartzea, eguneko menuaren eta bestelakoen berri emateko.
Parte Zaharra
Goiak nabarmendu du Parte Zaharra eremu berezia dela, kaleak oinezkoentzako direlako eta ostalaritzako lokal asko biltzen direlako bertan. Oro har, ezingo dira terrazak jarri zamalanak amaitu arte, Sarriegi plazan, Bretxan, Ijentean eta Esterlinesen izan ezik; azken horren kasuan, anbulatorioa itxi zenetik, kamioiak bertatik igarotzeak ez dio terrazari eragiten. Bestalde, Plaza Berriko arkupetan eta Bulebarreko ataripe eta arkupeetan terrazak jartzea debekatuko dute. Espazio horiek libre geratu beharko dira.
Ordenantza berriaren beste aldaketa eta erabaki batzuk zerrendatu ditu alkateak:
- Hotelek terraza instalatzeko lizentzia eskatu ahal izango dute, ostalaritzako beste edozein lokalek bezala, betiere ordenantzaren baldintzak betetzen badituzte eta terrazaren lizentzia eta hotelaren jarduerarena bereiziak direla kontuan hartuta.
- Terrazak ostalaritza lokalarekiko duen ikus eremu angelua handitu egiten da, gehienez ere 30 metrora.
- Terraza galtzadaren beste aldean jartzeko baimena ematen da, baldin eta plataforma bakarreko bidea bada eta oinezkoak badu lehentasuna.
- Zirkulazioa ohikoa den kaleetan trafikoaren aurkako babesak jartzea baimenduta dago. Jardinera edo manpara mugigarriak izan beharko dira, lurrera finkatu gabeak eta 1,60 metroko altuera gainditzen ez dutenak. Eguzkitakoak ere ez dira lurrean finkatuko, kontrapisu gisako oinarriekin baizik.
- Terrazetako eguzkitakoek testu formako publizitatea eduki ahal izango dute ikusgai, logotiporik eta markarik gabe.
- Ostalaritzako lokalaren titularra aldatzen bada, titular berriak ez du terraza jartzeko lizentzia-prozesua berriz hasi beharko, orain arte bezala. Lizentzia mantenduko da, ezarritako epea amaitu arte.
- Ordenantza berriak erraztu egiten du, nolabait, lizentziak eskatzeko orain arte erabiltzen zen prozedura. Lizentzia horiek ofizioz berrituko dira, baldin eta establezimenduaren jabeak kontrakoa eskatzen ez badu.
- Lizentziak eten ahal izango dira behin eta berriz zehapenak ezartzen badira ala interes publikoko premiengatik (jaiak, etab.), bide publikoan obrak egiteagatik, etab.
- Ordenantza hau betetzen dela kontrolatzea Udaltzaingoari dagokio, eta ez betetzeengatiko espedientea ireki ahal izango du, honako zehapen hauekin: Ez betetze arinak, 100 eurotik 750 eurora bitarteko zehapena; Ez betetze larriak, 751 eurotik 1.500 eurora bitarteko zehapena, eta lizentzia hilabetez etetea, gehienez; eta, ez betetze oso larriak: lizentzia hilabete batetik hiru hilabetera bitartean etetea eta 1.501 eurotik 3.000 eurora bitarteko zehapena.