Zmare jatetxea ez dute zigilatuko, momentuz

Donostiako Udal Gobernuak ezarritako bost eguneko epea iraungi ondoren, Zurriolako Zmare jatetxeak irekita jarraitzen du. Epe hori bukatu aurretik, Zurriola Ocean Center aldi baterako enpresa elkarteak, eta lokalaren kudeatzaileak, alegazioak aurkeztu zituen beraien abokatuaren bidez.
Udaleko iturrien arabera, abokatuak alegazioak aurkeztu zituen esanez neurriak hartzen ari zirela aipatutako akatsak zuzentzeko. Ondorioz, zigilatzeko agindua gelditu ahal izan dute. Beraz, establezimenduak irekita jarraituko du neurriak betez, alegazioak aztertu eta erantzun arte. Dena dela, enpresari erantzuna bidali aurretik, udalak Kostaldeko Zuzendaritzarekin hitz egin behar du erantzuna egokia den ala ez jakiteko.
Gogoratu behar da Gipuzkoako Kostalderako Probintzia Zerbitzuak espedientea ireki ziola udalari, Zmare jatetxeak erabiltzeko baldintzak “ez betetzeagatik”. Horren aurrean, udal gobernuak bi erabaki hartu zituen. Batetik, aipaturiko bost eguneko epea ezarri zioten enpresari arau hausteak konpontzeko. Bestetik, 4.500 euroko isuna jarri zioten enpresa kudeatzaileari. Dena dela, 3.600 eurora edo 2.700 eurora jaitsi daiteke, baldin eta baldintza batzuk betetzen badituzte. Gainera, Gipuzkoako Kostalderako Probintzia Zerbitzuak ezarritako 584.337 euroko zigorra berresten badu, udalak diru hori enpresa kudeatzaileari egotziko dio.