Historia ehuntzeko hari bila
1936ko gerran Gipuzkoa defendatzera etorritako nazioarteko boluntarioei buruzko ikerketa lana aurrera darama aldundiak; herritarrak deitu dituzte informaziorik edo dokumentaziorik badute ikerlariei helarazteko.

Datorren urtean, bederatzi hamarkada osatuko dira 1936 gerra hasi zenetik, eta urteurren horri lotuta, hainbat egitasmo eta ikerketa lerro abian ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horietako bat gerra hartan parte hartu zuten nazioarteko boluntarioei buruzkoa da. “Lan aitzindariaren” fruitua 2026an argitaratuko duten liburu batean biltzeko asmoz, gaur eman dute ikerketaren nondik-norakoen berri, Giza Eskubide eta Kultura Demokratiko zuzendari Ion Gambrak gogoratu duen moduan, “memoria ikerketan denboraz landatu behar da uzta jasotzeko”.
Gaia “berritzailea” da, orain arte ez baita horri buruz ikertu. Horregatik, ikerketak faxismoari aurre egitera etorritakoen borroka eta eragina berreskuratu nahi du. Gipuzkoak Errepublikaren alde egin zuen eta bi hilabete eskasean gelditu zen kolpisten menpe; eta ondorioz, pentsa liteke kanpo laguntzak ez zuela antolatzeko denborarik izan. Ikerketa aurrera eramaten ari diren Aitor Azurki kazetari donostiarrak eta Aitzol Arroyo historialari hondarribiarrak ere kasu bakanak izango zirela uste bazuten ere, hilabete gutxitan, faxismoari aurre egiteko, gutxienez, dozena erdi herrialdetako ehundik gora boluntario internazionalista identifikatu dituzte, erdiari “aurpegia jarri” diote, argazkien bidez.
Haien eta gainerakoen etorrera, borroka eta eragina berreskuratu nahi dute. Orain arte ahaztua izan den “pasarte esanguratsua” da, Irungo kontzentrazio esparruan bostehun atzerritar baino gehiago gatibu hartu izana. Arroyoren hitzetan, lan honekin “haien oroimena duintzea nahi dugu, eurak izan baitira Gipuzkoako fronteko “betiko ahaztuak”. “Liburu honetan bilduko dira gerraren lehen egunetan Gipuzkoara iritsitako pertsona horien bizitza, borroka, eta kasu batzuetan, heriotza; beti ere, ahalik eta xehetasun gehienekin. Orain arte ez zegoen horri buruzko ikerketa libururik, eta, beraz, funtsezkoa iruditzen zitzaigun argitaratzea”, zehaztu du historialariak.
“Ikuspegi berritzailea”
Iturburuari buruz, Azurkik azaldu du Miguel Usabiagak bere eleberri historiko batean hitz egin zuela lehen boluntario haiei buruz. “Niretzat pista moduko bat izan zen bere garaian. Bide irekitze bat”. 2019an Arroyorekin batera eta aldundiaren babesarekin, erakusketa egin zuten eta hartarako Salamancan ikertzen ari zirela, atzerritarren izenak topatu zituen. “Izen-abizen asko”. Urteek aurrera egin eta inork gai hori lantzen ez zuela ikusita, boluntario batzuen arrastoa jarraitzen hasi zen. Hala, Estera Zilberberg Estoucha erizain judutar poloniarraren semeak idatzitako liburuarekin topo egin zuen. Hori izan zen proiektuaren hasiera. “Estoucha da oraingoz dokumentatu dugun emakumezko boluntario bakarra”, eta frantsesez idatzitako liburu hori euskarara eta gaztelerara ekarriko dute. Dokumental bat ere onduko dute bere bizitzarekin, “bi-hiru urte barru etorriko da”.
Arroyok eman ditu egindakoaren nondik-norakoak. Ikuspegi berritzailea den heinean, ezohiko artxiboak arakatzen ari dira. Hala, Errusian eta Herbehereetan ikertu dute eta zenbait dokumentu ezezagun topatu, esaterako, Irunera etorritako hiru trostkisten gutunak. Badakite abuztua hasieran iritsi zirela lehenak, eta gutxi gorabehera, frontea ibilitakoen %1-%2 izan zirela. Fokua borrokan jarri ohi bada ere, oraingoan beste bi gidalerro dituzte: trukeak eta harreman politikoak. Bai Errepublikak bai faxistek truke horiek ezkutuan egiten bazituzten ere, 1937ko apiril edo maiatzean Hondarribian, Gurutze Gorriak kudeatuta egindako baten argazkia topatu dute. Baita, aipatu bezala, Irungo kontzentrazio esparruan 1939-1942 urteen arten egondako 500 nazioarteko boluntarioen izen-abizenak ere.
Herritarren laguntza
Herritarrei dei egin diete, gaiari buruzko daturik edota dokumentaziorik badute, eman dezaten. Izan ere, “ahots, ikuspegi eta ekarpen desberdinekin, bizipen txikietatik eta historian letra larriz sarritan eragiten duten historietatik abiatuta”, eraiki nahi dutelako boluntario hauei buruzko Historia.
Gerta daiteke pertsona batzuek beren senideei entzundako istorioak edo gertaera, argazkiak edo objektuak ezagutzea, asko nabarmentzen baitziren, ez bakarrik jatorriagatik, baita armak erabiltzeko zuten “gogo, borondate eta trebetasunagatik” ere. Horregatik, denbora asko pasatu bada ere, artxibo pribatuetan oraindik dokumentazio garrantzitsua egon daitekeela uste dute.
Harremanetan jartzeko, internazionalistak@gmail.com helbide elektronikoa eta 665 724 752 telefono zenbakia jarri dute eskura.
Bizitza historiak
“Historia txikiak letra larriz idazten den historia zehazten” dutela sinetsita, identifikatutako boluntario horietako batzuen bizitzaren zenbait zertzelada eman dituzte. Nagusiki, Estera Zilberberg-i buruz aritu da Azurki. “Emakume gaztea, erizaina, poloniarra, judutarra eta komunista”, 20 urte zituela etorri zen Medikuntza ikaslea zen Abram Gostynski lagunarekin batera. Belgikatik armak zekartzaten metalurgia langile batzuekin batera heldu ziren Hendaiara. Sendagaika zekartzaten eta Fronte Popularrak harrera egin zien. Nazioarteko zubia zeharkatu eta Irunera iritsi ziren.
Euskal lurretan borroka egin zuen Estouchak. “Frontean metrailadore bat tirokatu behar izan zuen, 1936ko abenduan Legutioko borrokan zauritu zuten gudari bati laguntzen ari zela, 1937an Durangon egindako lehen bonbardaketaren eta ondorengo fusilamenduen lekuko izan zen. Orduan idatzita utzi zuen ‘orain badakit zer den gerra'”. Euskadin egindako borroka ibilbidea amaitu zuen Bilboko Mujeres emakume antifaxisten aldizkarian Juanita Lefebvre goitizenarekin erreportari gisa lanean. Borrokan jarraitu zuen Asturiasen eta Frantziara pasatu zen ondoren, nazien aurka egitera Erresistentzian. “Hamasei aldiz torturatu, kontzentrazio esparru batean lehenik eta hilketa esparru batean ondoren egon zen. Zorionez, bizirik atera zen”, laburbildu du kazetariak.
Gotsynski, berriz, Irungo frontean lehen egunetan hil zela uste bazuten ere, 1940an Doloren Ibarruriri idatzitako gutun bat topatu dute, eta betan aipatzen du izena aldatu zuela Pierre Martel hartuta.