Intxaurrondoko kuartelean hazitako haur bat, Xabier Mendigurenen azken eleberriko protagonista
'Borrero txiki bat' eleberrian, Intxaurrondoko Kuartelean hazi den mutil baten azalean jarri da Xabier Mendiguren idazlea.

Xabier Mendiguren idazleak bere azken eleberria argitaratu du gaur: Borrero txiki bat (Elkar). Iaz kaleratu zuen Oso latza izan da nobelaren ildotik, euskal gatazkan kokatu du eleberria, baina, oraingo honetan, beste aldean. Guardia Zibilak torturaz hildako Joxe Arregiren kasua zen eleberri hartako erdigunea; tortura zentroa bihurtu zen Intxaurrondoko kuartela, oraingo honetan. Eta, moldea ere, ezberdina. Kronika, saiakera eta fikzioaren artean ibili zen aurreko lana, eta, oraingoan, fikzioa osatu du: Intxaurrondon bizi den guardia zibilaren semearen begietatik kontatuko du garai hura.
The zone of interest filmak ekarri zion eleberria osatzeko ideia. Auschwitz ondoan bizi den familia nazi baten egunerokoa kontatzen du pelikulak: “Horrorearen erdian, ezikusiarena egiten”. Argitu du, bi errealitateak ez dituela “konparatu” nahi, baina “tortura ez dela gutxietsi behar”. Honela, Intxaurrondoko kuartelean bizi zirenen ikuspegia ikertu nahi izan du Mendigurenek, onartuz, bertako inor ezagutu ez, eta ez dela kronika bat, “erabat fikziozkoa” baizik.
Ivan, protagonista, 5 urterekin dator Intxaurrondora, aita guardia zibil sartu baita, Andaluziako bere herrian lanik ez dela eta. Honela, Ivan erdigunean dagoen arren, narratzaile eta gidoi aldaketak txertatu ditu Mendigurenek “irakurlearen arreta” mantentzeko. Honela, “spoiler” gehiagorik egin gabe, euskal gatazkaren inguruan ahotsak eta irakurketak beharrezkoak direla egin du gogoeta idazleak.
“Artea egin nahi badugu, exijentzia minimo bat behar da”, aldarrikatu du Mendigurenek, azken aldian, euskal gatazkari lotutako film eta produktu kulturalez hitz egitean: “Beste bandoan daudenak ez dira denak tontoak eta gaiztoak. Munduko herrialde guztietan berdintsu dago banatuta inteligentzia”. Horregatik, eleberri honetan “gutxieneko zintzotasun intelektuala” izan duela aldarrikatu du Mendigurenek: “Manipulaziorik gabe”.