Beñat Olaberriaren lanak lehen aldiz Donostian ikusteko aukera

Beñat Olaberria artista donostiarrak (Parte Zaharra, 1970) lehenengo aldiz aurkeztu ditu bere lanak Donostiako galeria batean. Londresen bizi da duela hamar urte, eta munduan zehar hainbat galeriatan bere lanak aurkeztu baditu ere, gaur egin du lehenengo aldiz bere hirian.
Duela hamarkada bat baino gehiago artista donostiarrak bere bizitza goitik behera aldatu zuen, “bere pasio handien aldeko apustua egin zuen”, eta Erresuma Batura lekualdatu zen. Han, City and Guilds of London Art Schoolen Arte Ederretako Master bat egin zuen.
Etxetik izenburupean arte lan multzo berriak, mihisean akrilikoa eta grafitoa erabiliaz margotutariko formatu desberdineko koadroekin osatzen du. Serie horrek paper gainean sortutako obrak ere baditu.
Olaberriak azaldu duenez, Donostian egin ditu erakusketa honetarako pieza guztiak, abenduan hasita. “Azken momentura arte uztea gustatzen zait”. Azaldu duenez, egun berean egiten ditu pieza guztiak, “hasi eta buka”. “Ez zait gustatzen biharamunean itzuli eta lana berrartzea. Jada ez naiz atzoko bera, eta ez du zentzurik lana moldatzea”, azaldu du.
Honela, “esperimentazioari” eta “akatsari” bidea ematen dio: “Bestela oso erraza da, eta aspergarria egiten zait”. “Obra bat hasterakoan, ez dakit nora iritsiko naizen”, gaineratu du. Honela, gustatzen ez zaizkion koadroak puskatu, eta horiek birziklatuta, collage moduan berreraikitzen ditu.
Erakusketa maiatzaren 24era arte egongo da ikusgai, Ekain arte galerian, Parte Zaharrean.