Realaren historia bizia diren bost jokalari eta entrenatzaile bat omenduko dituzte
Maiatzaren 4ko Athleticen kontrako derbiaren aurretik jasoko dute Anoetan gehienek klubaren urrezko eta brillantezko intsignia.

Historia txuri-urdina idatzi duten bost jokalari eta entrenatzaile bat omenduko ditu Realak. Maiatzaren 4an izango da, Anoetan, eta Athleticen kontrako euskal derbiaren aurretik. Bost jokalariak dira Alberto Lopez (377 partida), Agustin Aranzabal (353), Aitor Lopez Rekarte (338), Oscar De Paula (302) eta Darko Kovacevic (286 partida). Entrenatzailea, berriz, John Benjamin Toshack (386 partida). Guztiek Realaren urrezko eta brillantezko intsignia jasoko dute.
Etxeko jokalariei dagokienez, lehen taldearekin hamar denboraldi baino gehiago jokatu zituzten. “Alberto, atezainik egonkorrena da Arconadaren ondoren, eta titular hamarkada oso batean Realaren atean. Aranzabal, jokalari bikaina eta fina ezker hegalean. Rekarte, kalitatea bi hegaletatik bi hankak inork ez bezala erabiliz. Eta De Paula, golegile isila, beti leku eta une egokian zegoena”, azaldu du Realak.
Bestalde, hurrengo denboraldian 30 urte beteko dira Kovacevic serbiarra Donostiara iritsi zenetik. “Aurrelariaren kalitatea eta golak, familia txuri-urdinak klubaren historiako zazpigarren golegile onena (107) den eta gol gehien dituen atzerritarraren golak oraindik ere gogoan ditu”, nabarmendu du klubak. Gainerako jokalariek ez bezala, aurrelariak datorren sasoian jasoko du intsignia.
Toschack, ordea, omenduko dute: “Galestarra, gure historiako entrenatzailerik garrantzitsuenetako bat, Anoetan izango da hemendik gutxira merezitako errekonozimendu hau jasotzeko. Realaren historian partida gehien dituen bigarren entrenatzaileak, bere palmaresean 1987ko Kopako titulua eskuratuta, familia txuri-urdinaren aitortza jasoko du, Realaren aulkira lehen aldiz iritsi zela 40 urte bete direnean”.