Egiteko moduan, usadioen islada
Herri musika tresnen artisauak ardatz ditu aurten 'Atzokoak gaur: Lanbide tradizionalak' egitasmoak; gaiarekin lotutako erakusketa eta erakustaldiak egingo dituzte.

Aste Santuaren atarian ateak zabaldu ditu San Telmo museoko Laborategian Atzokoak gaur: Lanbide tradizionalak zikloaren parte den herri musika tresnei buruzko erakusketa. Klaustroa utzi, eta leku berri bat topatu du Laborategia aretoan. Tresnen soinuak girotzen du gunea eta azalpen afixez gain, argibideak bideoetan ere ageri dira. Hormetan, berriz, txistu, xirula, alboka, dultzaina, txalaparta eta perkusio instrumentuak daude, bakoitzetik ugari, egileen garrantzia balioesteko.
Izan ere, ekainaren 29a arte doan bisita daitekeen bildumak ofizioa ezagutarazi eta musika tresnen biziraupenean eta garapenean egindako ekarpenak jasotzen ditu, baita tresna horien eraikuntza prozesuak ere, zenbait artisauen bideoei esker. Horrez gain, gaurtik hilaren 27ra bitartean, klaustroan, erakusketaren lagun bat ikus daiteke, baita artisau tailer baten errepresentazioa ere, hainbat lanabes eta piezekin. Bertan, artisauek euren erakustaldiak egingo dituzte. Hauetarako, museoko sarrera orokorra erosi behar da.
Eguerdian zabaldu ditu ateak erakusketak eta bertan izan dira Kultura zinegotzi Jon Insausti, museoko Programazio eta Publiko arduradun Agurtzane Garai eta Soinueneako Juan Mari Beltran. Insaustik nabarmendu du, Aste Santuko oporraldia une egokia dela “gelditzeko, pentsatzeko, gogoeta egiteko, eta batzuetan, ezagutza berriak barneratzeko. Eta horretako San Telmo museoa baino leku hobeagorik ez daukagu”. Nortasunean sakontzeko bide bat dira usadioak eta egiteko moduak. Hain zuzen ere, hori da erakusketak ahalbidetzen duena Insaustiren esanetan, “gure ofizioak ukitu, sentitu, entzun egingo ditugu, besteak beste”.
Transmisioa, ofizioetatik
Garaik gogoratu du museoak 2018an abiatutako programak hainbat lanbide tradizional ezagutzen eta zabaltzen lagundu nahi du: teknikak eta lan egiteko moduak, erabilgarritasuna, lotutako ohiturak eta horiek garatzen dituzten pertsonak. Aurreko urteetan lihoa, artzaintza, gaztaren elaborazioa, saskigintza eta txokolategintza aztertu dituzte. Ondarearen transmisioa lantzen du, ofizioetan oinarrituta, “gauzak nola egiten diren”.
Tresnak aukeratzean bertan eginak izatea hartu zuten kontuan. Erakusketa antolatzen hasi zirenean harremanetan jarri ziren hainbat pertsonekin, lehena, Beltran, pieza “asko” uzteaz gain, laguntza eman diena; baina baita artisaurekin ere. “Gehitzen joan ziren, gero eta gehiago ziren. Horrek gorputza eman dio bildumari”. Aurtengoa hazten joan da, egileengan erreparatu dutenean, eta oraingoan “merezi zuen” tarte hori ematea. “Pieza bakoitzak egile bat dauka eta egile bakoitzak, egiteko modu bat. Denak dira garrantzitsuak, historia bat dutelako eta egiteko modu bat”. Eta Juan Mari Beltranek esandako zerbait gogoratu du. “Museoan badago atal bat Tradizioak bizirik dirau izenekoa, eta berak esan zidan, ‘Agurtzane hori begi bistakoa da. Tradizioak ez badu bizirauten, Historia bilakatzen da”. Tradizioak bizirik jarraitzeko, aldatu egin behar duela nabarmendu du, berritu egin behar duela, eta “hori da erakusketak islatu nahi duena”.
Aurtengo programa “oso biribila” da eta zikloa luzeagoa denez, ekainaren 29ra arte, bestelako ekitaldiak antolatu dituzte. Aipagarria, klaustroan egingo diren erakustaldiak, “hori da programaren garrantzitsuen: artisauak lanean ikusteko aukera”, Aste Santuan aurrera eramango dituzte.
Askoren ekarpena
Erakusketan badira museoaren bildumako piezak, baina haiei Soinuenearen eta parte hartzen duten artisau eta musikarienak gehitu dizkiete. Piezak utzi dituzte: Alberto Artal, Andoni Arzallus, Daniel Lizarralde, Fede de Dios, Gaizka Maruri, Harkaitz Martinez de San Vicente, Ibon Koteron, Iker Diez, Jose Antonio Martinez Oses, Jose Mari Gancedo, Juan Mari Beltran, Koldo Maruri, Koldo Telleria, Pancho Sanchez, Raul Pariente, Tomas Diaz Peñalba, Donostiako Udal Txistulari Banda, Gordailua, Lutxanako Dultzaineroak, Oreka TX, Soinuenea eta Zurjole. “Horrenbeste jende sartzen denean proiektu batean, zerbait ondo egiten ariko gara”, gehitu du Garaik.
Amaitzeko, Juan Mari Beltranek, bildumari buruzko zenbait azalpen eman ditu. “Ezusteko atsegina hartu dut goizean. Oso txukun jarria dago eta uste dut nahiko ondo islatua dagoela kontatu nahi duen historia hori: Tradizioa jarraitzea, transmititzea. Eta gaur ez badugu egiten, bihar ez da egongo”. Soinu tresnak joleek behar dutenaren araberakoak direla zehaztu du, “egin nahi dutenak bideratzen du nolako forma eta izaera hartu behar duen. Esaterako, txistua asko aldatu da, itxuraz ez; xirula ere, baina ez modu berean. Eta adibide bat jarri du “musika batzuetarako alboka batzuek balio dute, baina denetarako ez”.
Ondoren, ikusgai dauden zenbait piezei buruzko argibideak eman ditu, eta dultzainei buruz ari zela aipamena egin dio bihar bertan eta hilaren 22an erakustaldia egingo duen Andoni Arzallus artisauari. “Egile gazte-gaztea da. Animatu zen azkenean eta Vigoko unibertsitatean ikasten ari da. Berez, gaitasun handia du, trebetasun handia, baina ez dio kalterik egingo halako eskola batean ikasteak”.
EGITARAUA
- Erakustaldiak klaustroan
- Euskal musika tresnen torneaketa prozesuak, Andoni Arzallus (Arenza). Bihar, 10:30etik 13:30era. Hilaren 22an, 16:30etik 19:30era.
- Dultzainen pitak egiteko prozesua, Tomas Diaz Peñalba (Ezpelur). Hilaren 26an, 16:30etik 19:30era
- Mahai ingurua
- Tradizioa biziberrituz, Juan Mari Beltran, Ibon Koteron, Harkaitz Martinez de San Vicente. Euskal soinu tresna batzuen garapen teknikoaren inguruan jardungo dute. Asteartean, hilak 15, 19:00etan.
- Kontzertuak
- Juan Mari Beltran laukotea: Euskal herri musika eta soinu tresnak. Bihar, 19:00etan.
- Iñar Sastre eta Mixel Etxekopar: Lur oihartzunak. Maiatzaren 30a, 19:00etan.
- Donostiako Udal Txistulari Taldea: Txistu hots gozoa, nola?. Ekainaren 13a, 19:00etan.
- Familientzako tailerrak
- Soinulariak, Mattin Sorzabalbere. Euskal kulturan murgildu musikaren eskutik eta soinu tresna tradizionalak ezagutu, entzun eta jo. 5 urtetik gorakoentzat, euskaraz. 5 euro familiako. Bihar eta hilaren 26an, 17:00etan.
- Haurrentzako tailerrak
- Musika tresnen inguruko sormen tailerrak: ikusi eta ikasi, entzun eta jo. Tailer hauetan musika izango da protagonista, euskal musika tradizionala ezagutu eta soinu tresna propioak eraikiko dituzte partaideek. Egunero jarduera desberdin bat. 5 eta 8 urte artekoentzat, euskaraz. 2,5 euro pertsona eta tailer bakoitzeko. Hilaren 22an, 23an, 24an eta 25ean, 10:30-12:30















