«Egindako lanaren erakusle da txapela»
Emakume Master Cupeko Binakako Txapelketa irabazi zuen pasa den asteburuan Mirian Arraizak (Antigua, 2005), Enara Gaminde bikotearekin batera. Haren lehen txapela da, eta gehiago janzteko gogotsu dago.

Egun batzuk pasatu dira Oiartzungo Madalensoro pilotalekuan jokaturiko finaletik. Nola zaude eta lorturiko txapelak zer nolako balioa du zuretzat?
Oso pozik, oraindik sinistu eta asimilatu gabe txapela irabazi dugula. Txapelketa luzea zen, eta hasieran txapela irabazteko aukera ez zaizu burutik pasatzen. Urruti eta zail ikusten duzu. Halere, txapelketa hasi orduko ikusi genuen Enara Gaminde eta biok bikote sendoa osatzen genuela. Finalera iristeko aukerak genituela ikusi genuen, eta, begira, iritsi eta irabazi. Egindako lanaren erakusle da txapela.
Final bizia eta lehiatua jokatu zenuten lau pilotariek. Ordea, urdinek irabazi zenuten (18-22). Zeintzuk izan ziren zure ustez garaipenaren gakoak?
Final asko izaten dira gogorrak, batez ere, urduritasuna jokoan hasten delako. Ez du inork huts egin nahi. Azkenean, balantza gure aldera erori zen buru eta fisiko aldetik. Ordubeteko partida izan zen, eta ez dakit gaztetasunarengatik izan zen edo ez, baina bukaera aldean akats gutxiago egin genituen. Baliteke horrek erabaki izana.
Zure lehen txapela da maila gorenean?
Binakakoan bai. Dena dela, iaz IV. Nafarroako Foru Komunitateko Txapelketa irabazi nuen Enararekin.
Laukizko Enara Gaminde bikotearekin aritzea erabakigarria izan al da txapelketa irabazteko?
Egungo atzelari onenetako bat da, hoberena ez bada. Aurrelariei segurtasuna ematen die, eta baita niri ere. Berarekin jokatzea erraza da, badakizulako atzean akats gutxi egingo dituela, eta jokoan nagusituko dela. Gainera, harreman oso ona dugu bion artean, elkarrekin beste hainbat txapelketa jokatu ditugu, eta giro on hori lagungarria da.
Antiguako Izurun pilota eskolan hazi eta hezi ondoren, zure palmaresa idazten ari zara azken urteotan.
Bai, eta palmaresa handitzea dut helburu. Beste batzuk lehenago hasten dira txapelak irabazten. Izan ere, Enarak 17 urte ditu eta dagoeneko hainbat txapelketa eskuratu ditu. Nik, berriz, 19 urte ditut, eta txapelak irabazten jarraitu nahi dut.
Hemendik aurrera, zeintzuk dira jokatuko dituzun txapelketak?
Biharko Izarrak lau eta erdiko txapelketa, orain hasiko den Gipuzkoako lau eta erdikoa eta Nafarroako Binakako Txapelketa. Beraz, baditut aukera batzuk lorpen gehiago eskuratzeko.
Pilotari gisa aurrelaria zara. Halere, nolako aurrelaria zarela esango zenuke?
Aurrelari moda desberdinak daude. Batzuk trebeagoak dira jokaldiak bukatzerakoan, eta beste batzuk defentsa lanetan aritzen dira. Ni bigarren multzokoa naiz. Neure burua ikusten dut bizia eta indarrarekin, baina defentsa arloan nahiko indartsu ibiltzen naiz. Beste batzuk erasokorragoak dira, eta nire asmoen artean badago erasoko joko horretan sartzeko.
Bikotean hobeto moldatzen dena bakarka baino?
Nahiago dut bikotean jokatu, taldean aritzea nahiago dudalako. Halere, lau eta erdikoan bakarka ondo aritzeko erronka daukat. Batez ere, neure buruari erakusteko bakarka moldatu naitekeela.
2019an IRUTXULOKO HITZAri eskainitako elkarrizketan hau esan zenuen: “Jokatzen jarraitu nahi dut datozen urteetan. Etorkizuna izango dugula argi daukat. Goiz edo beranduago sortuko dute nesken kategoria profesionaletan”. Gauza bera pentsatzen duzu?
Antzera, bai. Ordutik hona aldaketa asko egon dira. Helduen goi mailako kategoria bat dugu dagoeneko. Zirkuitu hau bazegoen, baina gauzak finkatu gabe zeuden. Sekulako jauzia egon da. Profesionalizazioaren bidean ere urratsak egiten ari gara, oraindik asko geratzen den arren. Emakume pilotariok etorkizuna izango dugula ikusten dut. Ez dakidana da nik ikusiko dudan, gaztea izan arren.
Oraindik txapela buruan duzula, zein helburu dituzu epe motzera eta ertainera?
Epe motzera, aipaturiko txapelketak ahalik eta ondoen lehiatzea. Baita gozatzea ere, kirol honen oinarrietako bat delako. Ilusioa daukat Biharko Izarrak lau eta erdiko txapelketan ondo aritzeko. Epe luzera, berriz, Antiaguako pilota txapelketa irabaztea gustatuko litzaidake. Etxeko txapela beti da bereziena.