Lau maki, 1947 eta 1948 urteetan Donostian erailak
Maki gerrillari antifrankistek Euskal Herrian ez zuten presentzia bereziki nabarmena izan, baina batzuk pasatu ziren, baita erregimenaren errepresio bortitza pairatu ere. Guardia Zibilak hiru hil zituen Ibaetan 1947an eta bat Zubietan 1948an, ahaztuta badaude ere.

Errepresioa izan zen erregimen frankistaren biziraupenerako oinarri nagusienetako bat, bai 36ko gerran, bai gerraostean, baita hurrengo hamarkadetan ere. Gerra ondorengo urteetan, maki gerrillariena izan zen errepresio hori gehien pairatu zuen kolektiboa, beraiek izan baitziren, 1940ko hamarkadan bereziki, erregimenari modu aktiboenean aurre egin ziotenak.
Tropa frankistek aurrera egin ahala, mendietan ezkutatu ziren hainbat militante ezkertiarretatik jaio zen makien mugimendua, gerora, PCE Espainiako Alderdi Komunistaren babesa izango zuena, 1948ra arte. PCEren babesik gabe ere, aktibo jarraitu zuten maki batzuek hurrengo urteetan zehar; are, 1960ko hamarkadan hil zituzten azken makitzat jotzen direnak. Aran ibarraren (Aragoi, Espainia) inbasioa izan zen makien ekintzarik entzutetsuena, 1944an egindakoa eta milaka gerrillariren parte hartzea izan zuena, Espainia berreskuratzeko helburuarekin. Porrot egin zuen, ordea.
Nagusiki, Galizia eta Kantabria arteko mendietan, penintsulako ekialdekoetan, Extremadura eta Gaztela-Mantxa artekoetan eta Andaluziako hegoaldekoetan garatu zuten euren jardun gerrillaria, baina, tarteka, bereziki iheserako, Euskal Herritik pasatu ziren. Hain zuzen ere, 1947an, Ibaetan, eta 1948an, Zubieta inguruan, maki batzuk hil zituen Guardia Zibilak.
Leonetik Ibaetara
1947ko urriaren 17an hil zituzten Felipe Villegas Nieto, Gerardo Santos Alvarez Katiuska eta Matias Garcia Bañuelos Matias, Konporta auzoko etxe batean, egungo Ibaeta auzoan. Orduko bertsio ofizialaren arabera, guardia zibilez inguratuta zeudenean, euren buruaz beste egin zuten hirurek; Euzkadi Roja hedabide komunistak, ordea, Guardia Zibilak «erail» zituela argitaratu zuen urriaren 30ean. Donostiako Udalaren datu baseko informazioaren arabera, hirurak palentziarrak ziren (Espainia) eta bertako Barruelo herriko maki taldean aritutakoak: Villegas Barruelo de Santullangoa zen eta 32 urte zituen; Katiuska Guardokoa, eta 30 urte zituen eta Matias Brañoserakoa, eta 42 urte zituen.
Aranzadi Zientzia Elkarteko Ione Zuloaga Muxikak 2023an Zestoa 1936-1959 lanean jaso zuenez, Reinosatik (Kantabria, Espainia) ihesi zetozen makiak eta Francisca Uranga Odriozola zestoarraren eta Jose Eizagirre Amenabar azpeitiarraren Konportako etxean babestu ziren, Eizagirreren Oiartzungo lagun batek eskatuta —beste erreportaje baterako ematen du bikoteak—. Ascension Abad izan zen makiak hara eramateaz arduratu zena, baina gauerdian Donostian utzi eta etxera itzultzen ari zela, Guardia Zibilak Mataporqueran (Kantabria) atxilotu zuen, baita komisariara deklaratzera eraman ere.
Ziurrenik torturapean deklaratu zuela dio Zuloagak, eta ondoren Donostiara eraman zutela, makiak ezkutatzen zituen etxea seinalatzera: «Goizeko seiak aldera, Donostiako Konporta etxean izugarrizko iskanbila sortu zen. Jendea esnatu egin zen. Etxe hartan, gerrillariak ez ezik, Francisca Uranga, Jose Eizagirre eta haien 7, 9 eta 11 urteko seme-alabak zeuden». Milagros Eizagirre alabaren lekukotza jaso zuen Zuloagak lanean, eta, bertsio ofizialari buruz, zera dio: «Milagros Eizagirrek gogoratzen zuen nola bere amaren aurrean egin zuen bere buruaz beste gerrillari haietako batek. Horren ostean, Francisca Uranga zorabiatuta lurrera erori zen». Testigantza horrek, hein batean, orduko bertsio ofiziala berresten du, baina Guardia Zibilaren jokatzeko modua kontuan izanda, ezin da ondorioztatu hirurek euren buruaz beste egin zutela; hain zuzen ere, Aranzadik Donostiako biktimei buruz egindako webguneko fitxetan, Guardia Zibila ageri da hiru erailketen egile gisa. Uranga eta Eizagirre senar-emazteak atxilotu zituzten gertakarien ostean, eta 1952ra arte egon ziren preso, Ondarretako espetxean.

‘Euzkadi Roja’ hedabide komunistak 1947ko urriaren 30ean argitaratutako albistea, egun batzuk lehenago Konportan hil zituzten makiei buruzkoa.Euzkadi Roja
Zubieta inguruan, 1948an
Ibaetako hirurak ez ziren izan Donostiatik pasatu ziren maki bakarrak. Hain justu, hurrengo urtean, 1948ko azaroaren 16an, Asturiastik Ipar Euskal Herrira ihesi zihoan beste bat hil zuen Guardia Zibilak, Zubieta inguruan: Alfredo Barcena Garcia, El Peque edo El Chaval ezizenez ezaguna eta Cristino brigadan ibilitakoa. Epaiketarik gabe exekutatu zuten.
Aranzadik horri buruzko testigantzak jaso zituen Urnieta 1936-1945 eta Lasarte-Oria 1936-1948 lanetan; bigarren horretan, esaterako, hala kontatu zuen gertatutakoa Angelita Goizueta Perurenak: «15 bat urte izango nituen eta Bruneten lanean nenbilen egun hartan. Auzotik pertsona bat korrika agertu zen eta hipodromo alderantz joaten desagertu zen. Guardia Zibila zuen atzetik. Gero, lanetik irtetean, tiroak entzun genituen. Dirudienez, Bugatira doan bidean hil zuten […]. Txabola bat zegoen, eta han ezkutatu zen, harrapatu zuten arte». Angelitak zioenez, guardia zibilek Lasarteko udaletxean jarri zuten gorpua, jendeak ikus zezan.
Ahaztuta
Lehenengo hirurak Polloeko hilerrian lurperatu zituzten eta azkena Lasartekoan, baina desagertuta daude. Hilerrien birmoldaketen ondoren, hezurtegi orokorretan egongo dira ziurrenik, izenik gabe, 1947an Bidebietan fusilatu zituzten Antonio Lopez eta Diego Franco anarkisten moduan eta beste askoren moduan, izenik gabe, ahaztuta. Bitartean, beste batzuek urtero lorez betetzen den mausoleo bat dute Polloen bertan, esanahia aldatu badiote ere.