Mundiala da zelairatu den eztabaidagaia
Bizilagunekin plataformak eta hiriko sei auzo elkartek FIFAri eskatu diote atzera botatzeko Anoeta Munduko Futbol Txapelketako egoitza izatearen erabakia. Eneko Goia alkateak adierazi du «ezezkoaren klubaren beste agerraldi bat» dela.

Anoeta gaineko zerua lainotuta dago. Oraindik argitzeke dago Donostia 2030eko Munduko Futbol Txapelketaren egoitzetako bat izango den. Izan ere, Espainiako Federazioak Anoeta futbol zelaia aukeratzeko puntuazioak aldatu zituen, Vigoko Balaidos estadioaren kaltetan. Horrela, hautaturiko egoitzetatik at geratu daiteke Anoeta.
Afera horrekin «lasai» agertu da Eneko Goia alkatea, eta 2030ean Munduko Kopa Donostiara etorriko dela uste du. Aldiz, gogor kritikatu du FIFAri Bizilagunekin plataformak eta hiriko sei auzo elkartek bidalitako gutuna. «Hiriko bizilagun elkarteen, herri mugimenduen eta biztanleen artean kezka sortu duen izendapena da, kezkatzeko arrazoiak nabarmenak dira», argudiatu dute gutuna bidali dutenek.
Goiak, ordea, hiriko eragile horiek harturiko bidea gaitzetsi du: «Ezezkoaren klubaren beste agerraldi baten aurrean gaude. Egia esan, ilusioa sortu beharko lukeen apustu baten baten aurrean, horrelako jarrerak egotea ulertezina iruditzen zait», adierazi du alkateak. «Jarrera horrekin, Donostiak ez luke Behobia-Donostiarik, Zinemaldirik eta Donosti Cup txapelketarik izango… Hiri honek horrelako gauzak antolatzeko gaitasuna duela erakustea, harro egoteko modukoa izan beharko litzateke», gaineratu du.
«Turistifikazioa areagotuko du»
Bizilagunekin desazkunde turistikoaren aldeko plataformarekin batera gutuna sinatu duten auzo elkarteak hauek dira: Parte Zaharrean Bizi, IZBE (Intxaurrondo), Heriz plataforma (Antigua), Egia Bizirik, Uliako Auzo Elkartea eta Herripe (Herrera). «Donostia turistifikazio prozesu basati bat bizitzen ari da, azken hamarkadan nabarmen azeleratu dena eta bertako bizilagunei kalte larriak eragiten ari dena», eta Munduko Futbol Txapelketa hirira ekartzeak «turistifikazioa areagotuko» duela uste dute.
Txapelketa jokatu baino sei urte lehenagotik «kolapsoa» aurreikusi zitekeela diote: «FIFAk berak 2024ko azaroan argitaratutako txosten batean aipatu zuen, Donostian dagoen ostatu plaza kopurua ez dela nahikoa izango Munduko Futbol Txapelketak erakartzea aurreikusten den bisitari kopuruari ostatu emateko. Donostiako hotel, ostatu eta abarrek gainezka egingo dutela kalkulatzen dute antolatzaileek. Horren konponbide edo lasaigarri gisa aipatzen zuten Miarritze edo Baiona gertu daudela Donostiaren gainezkatzea sostengatzeko eta, gainera, Airbnb gisako baliabideak kontuan hartu behar direla hiriko gaitasuna ulertzeko. Mugikortasunari dagokionez, txosten berean FIFAk aipatzen zuen kirol ekitaldien inguruko bizitegi eta merkataritza zonaldeen eraginez, trafikoaren kudeaketarako plan bereziak martxan jartzea eskatu duela gertakariak».
«Turistifikazio egoeraren» datuak
Bizilagunekin plataformak eta sei auzo elkarteek «turistifikazio egoeraren» inguruko zenbait datu ere eman dituzte: «2015 eta 2024 urteen artean, hiriko hotel kopurua %40,3 hazi da eta eskaintzen diren ostatu plazen kopurua %69,2. Hirira iritsi diren turisten sarrerak %77,8 handitu dira; Espainiako Estatukoak %35,8 eta atzerrikoak %120,9. Urte horietan, etxebizitzaren erosketa prezioa %47,36 hazi da eta alokairuaren prezioa %44,54. Bertako herritarrak hiritik kanporatuak izaten ari dira, espazio publikoa interes komertzialen arabera eraldatua izaten ari da, azpiegiturak turismo industriaren beharren arabera diseinatzen dira, bertako hizkuntza eta kultura marketin helburuetarako fetitxizatzen dira, eta abar».
Horrez gain, gogoratu dute Donostiako Udalak, udal talde guztien adostasunarekin, onartu dutela Munduko Txapelketatik eratorritako beharrak gora-behera, eskaintzen diren ostatu plazen proportzioa ez handitzeko konpromisoa.
Horrela ere, gutuna sinatu duten eragileen ustez, «Munduko Txapelketa Donostian jokatuz gero, ekitaldiak hiriaren turistifikazioa areagotuko du eta erakunde publikoek turismo industriaren mesedetan jokatzen jarraituko dute». «Turismoaren hazkundearen kalteei erantzuteko modu bakarra desazkunde turistikoaren bideari ekitea da», gaineratu dute.