Realak burua altxatzeko beharra dauka
Txuri-urdinek partida garrantzitsua jokatuko dute bihar Sevillan Betisen kontra. Sailkapenean gora egiteko premia dute.

Sei jardunaldi falta zaizkio Realeko emakumezkoen taldeari liga bukatzeko. Bolada txarrean eta ezkorrean dira txuri-urdinak, eta goiko postuetatik urrundu dira. Ordea, burua altxa eta denboraldia bukatzeko geratzen diren norgehiagoka guztiak lehiatu beharko dituzte. Betisen etxean jokatuko dute bihar, 16:30ean. Ez da partida erraza izango, nahiz eta andaluziarrak sailkapeneko putzuan egon. Txuri-urdinek, berriz, hirunaka zenbatu behar dituzte puntuak sailkapen horretan gora egiteko. Une honetan, zazpigarren tokian daude 34 punturekin. Realeko gizonek ere bihar jokatuko dute, baina Anoetan (14:00). Mallorca izango dute aurrez aurre, iazko kopako finalerdietan txuri-urdinak kanporatu zituena. Liga, ordea, beste kontu bat da, eta Realak aukera paregabea du Europa sailkatzeko lehian arerio zuzen bat atzean uzteko. Izan ere, Mallorcak 40 puntu ditu eta talde txuri-urdinak 41. Sailkapenean, berriz, zortzigarren postuan daude.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek Burgosen kontrako maila bikaina berretsi nahiko du Menorcaren kantxan (bihar, 19:30). Arerio zailagoa izango da donostiarrentzat, baina taldea fitxaketa batekin sendotu ondoren, ezustekoa eman dezakete. ACB ligara igotzeko kanporaketak jokatzeko helburua bizirik mantendu nahi dute Mikel Odriozolaren mutilek.
Belar hockeyan, Realak berehala ahaztu behar du Egararen kontrako azken porrota. Horretarako, partida on bat jokatuko dute bihar Sardineroren aurka, Zubietan (16:00). Sentsazio onak berreskuratzeko neurketa izango da.
PARTIDAK
Futbola
Gizonezkoen liga, 31. jardunaldia
- Reala – Mallorca (bihar, larunbata, 14:00)
Emakumezkoen liga, 25. jardunaldia
- Betis – Reala (bihar, larunbata, 16:30)
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, 29. jardunaldia
- Menorca – Gipuzkoa Basket (bihar, larunbata, 19:30)
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko liga, 16. jardunaldia
- Reala – Sardinero (bihar, larunbata, 16:00)